Ankulegik bere ildo editoriala du, zenbait ardatz tematikoren gainean oinarritua. Ardatz horiek eguneratzen dira gehituz doazen neurrian, Ankulegi elkartearen urteko jardunaldiaren eta bazkide eta laguntzaileen interesen arabera.
mugak
“Frontera”ren definizio klasikoak erreferentzia egin ohi dio lurralde-muga bati (zenbaitetan naturala -itsasoak eta mendiak, kasu-, bestetan eraikia -horma edo hesi bidez, esaterako-), zeinaren helburua nazio-subiranotasuna babestea baita. Hurbilketa historiko, antropologiko eta politikoek gainditu egin dute aipatutako definizio klasikoa, eta horren ondorioz mugaren kategoria bera eta haren azterketa hedatu eta lehertu egin dira. Zer defendatzen du mugak? Nola hedatzen da bere ertz geografikoetatik haratago? Gai hau lotuta dago 2024ko Ankulegi Antropologia Jardunaldiarekin: ‘Mugak, bidegurutzeak eta [des]enkontruak’.
ingurumen antropologia
Ankulegiren 2022ko jardunaldiari lotuta, gai honek biltzen ditu ingurumenari edo ekologiari buruzko gaiekin lotutako ekarpenak eta edukiak, askotariko dimentsio eta alderdietan: kontserbazioa, ingurumen gobernantza, espezieen arteko harremanak, klima aldaketa, antropozenoa eta hortik eratorritako gaiak, kosmopolitikak, ontologiak, ekologia politikoak eta abar.
antropologiaren (lan)bideak
Ankulegik hasieratik bultzatu du antropologia aplikatuaren ahalmenei eta mugei buruzko eztabaida eta gogoeta, bai eta diziplina profesionalizatzeari eta lan baldintzei buruz, eta unibertsitate barruan eta kanpoan antropologian aritzen direnen sorkuntzari buruz ere (IV. jardunaldia, 2000; VI. jardunaldia, 2002; XXIII. jardunaldia, 2021). Lan esperientziak, antropologia aplikatuko proiektuak edo lan eremuari buruzko hausnarketak partekatzeko gonbita egiten dugu; baita prekarietate egoerei edo ezagutzaren industrian gizarte zientziek pairatzen duten aintzatespenik ezari buruzko aldarrikapenak edo salaketak partekatzeko ere.
feminismoak
Genero ikuspegitik eta/edo ikuspegi feministatik (hainbat feminismotik) landutako edukiak. Epistemologia eta metodologia feministei buruzko eztabaida eta ikaskuntzarako ekarpenak, eta genero sistemen eraldaketaren alde egiten duten aliantzak ehuntzeko ekarpenak.
euskal herriak
Euskal lurraldeekin, diasporekin eta ekosistema eta bizimodu desberdinekin lotutako edukiak: Euskal kultura, hizkuntza, politika eta antropologiari buruzkoak, ikuspegi kritiko eta gogoetatsu batetik.
Ankulegi
1994an sortu zen euskal antropologia elkartearen historiari eta jarduerari buruzko testuak, komunikatuak, gogoetak eta berriak.