Ustelkeriak irentsitako lurralde baten etnografia: toxikoekin bizikidetza Zaldibarko zabortegiko inguruetan.
Julia Ron Soto
Gizarte Antropologiako Master amaierako lana,
UPV/EHU: 2023-2024 ikasturtea.
LABURPENA:
2020ko “hondamendia” Euskal Autonomia Erkidegoko azken mendeko krisi ekologiko eta politiko larrienetzat jo da. Zaldibarko zabortegiko luiziak euskal elite politiko-ekonomikoen ustelkeria-sareak eta iruzurrezko kudeaketa modu ikusgarrian jarri zituen agerian, baina izebergaren punta txiki bat besterik ez zitzaigun begi-bistara geratu: urazpian (edo lurrazpian?) ezkutatuta gelditu zen beste dena. Halarik ere, baita hondamendiaren ostean ere, gutxi izan ziren Eitzagara, zabortegia dagoen baserri-auzora, hurbildu ziren komunikabide eta ikerlariak, auzotarrek hamarkada luzez bizi izan duten abandonu- eta ahazte-egoera betikotuz. Zaborrarekin (fisikoa eta sinbolikoa) batera bizi diren bizilagunen errealitatera hurbiltzeko saiakera da lan hau, euskal landa eremuen testuinguru espezifikoan toxikotasunaren eta kutsaduraren inguruan eraikitzen diren esanahi, diskurtso eta ekintzetan sakondu nahi duen ikerketa. Osasun kolektiboa ulertu eta bideratzeko erabakigarriak diren hiru espaziotako (lurraldea, baserria, gorputza) kontakizunak eta esperientziak artikulatu nahi dituen analisi multidimentsional batean, Eitzagako biztanleek errealitate historiko eta soziokultural zehatz baten barruan beren osasuna kudeatzeko garatu dituzten dinamika eta estrategiak ulertzea da ikerketa honen helburua.
SARRERA:
“Hondamendi” deiturikoa jazo baino lehen ezer gutxi nekien Verter Recycling-en gainean. Nire etxetik kotxez hogei minutura eta aitaren jaioterritik bostera munstruo hori bazenik ere ez nekien. Egunero ehunka ibilgailuk zeharkatzen duten AP8 autopistatik oraindik ikus daitekeen zabortegia ezezaguna zen niretzat 2020a baino lehen. Ego ibaiari zuzenean lotuta dagoen hondakindegia, zeinak bere urak ondoren Deba ibaira, EAEko kutsatuenetako batera, isurtzen dituen. Ibaiertzean ikusten ditut arrantzale eta anguleroak etxera bueltan. “Irrixuko” uretan pasatzen genituen udako arratsaldeak, beti ere marea goran zegoenean, kuadrillako lagunok, herriko nerabe orok egin eta egiten jarraitzen duen bezala, korrokoi eta apar artean igerian. Hala ere, ez dut uste nire ezjakintasuna inolako salbuespena denik: euskal gizartearen ehuneko handienak ez zuen orain Zaldibarko zabortegi gisa ezagutzen den horren berririk hau gotik behera erori zen momentura arte.
Zabortegiaren eraisteak eta bertako bi langileren heriotza krudelak, ordea, nolabaiteko eskandaluari hasiera eman zion, horrek hilabete eskas iraun arren. Herri-protestei eta hainbat diziplinatako profesionalek garatutako ikerketa-lanei esker, euskal gizartearen pentsamenduan haustura(txikia izanda ere) zabaltzen hasi zen zabortegiaren eraistearen harira: hondamendia eta heriotza gure mugen barruan, gure “etxean” gertatzeak, eta honek soilik, zabortegien izateaz eta gure osasunean izan ditzazketen arriskuez jabetzera derrigortu gintuen. Klase politiko eta ekonomiko boteretsuek guzti horretan duten inplikazioa eztabaidaren erdigunean kokatu zen, eta ordezkari publiko batzuk epaitegietara bidali. Toxikotasunaren gainean hausnartzeko bide berriak zabaldu eta hondakinak kudeatzeko sistemaren akatsak agerian utzi ziren. Aurrekaririk gabeko krisi politiko eta ekologikoa izan zen euskal gizartearentzat. Hala ere, badirudi hondamendia gure begien aurrean jazo, bi langile hil eta autopista kolapsatu ez balitz ez ginatekeela inoiz egoeraz ohartuko, orain, lau urte geroago, nolabait ohartzen garela esan bagenezake.
Eitzagako auzolagunek, ordea, aspaldidanik ezagutzen zuten Verter Recycling. Zabortegiaren jabea, euren moduan, auzoan jaiotakoa, auzoko semea da. Bizilagun batzuk zabortegiaren eraikuntza baimendu zuten prozesuan parte hartu zuten. Kamioiak ikusten zituzten auzoan gora zaborrez beteta, geroxeago bide berean behera hutsik bueltatzeko. Enpresagizonak baserriz-baserri ibili ziren ate joka, lur-sailak erosteko ahaleginetan, beti ere azalpen gehiegi eman gabe. Auzoko plazatik entzun zen luiziaren burrunba. Zaborra etxeko atarira iritsi zitzaien batzuei, ia ia baita sartu ere. Kiratsa usaindu zuten sukaldeetatik, leihoak itxi zituzten. Azkura nabari zuten azaletan. Musukoa erabili behar izan zuten COVID-19 pandemia dekretatu baino hilabete lehenago, hondamendiak eragindako suteek sortutako dioxinetatik babesteko. Jaten ematen dien lurra eremu toxiko bihurtzen joan da poliki-poliki. Euren lurraldea kapitalaren mesedetan sakrifikatua izan da. Prozesu horretan guztian zehar ez dute euren etxeetatik metro gutxira eratzen ari zenari eta horrek gaur eta biharko auzotarren osasunean izan dezakeen eraginari buruzko informaziorik jaso. Zabortegiak oraindik orbaindu ez den zauri soziala zabaldu zuen Eitzagan, eta harrezkero eragin zuzena izan du auzoko harreman sozialetan eta lurraldea, osasuna eta gaixotasuna ulertzeko moduan. Aldarrikapenetan, baina baita isiluneetan ere. Auzotarren kezketan, baina baita jakin-min faltan ere. Eraldaketetan, baina baita botere-harremanen jarraipenean ere. Ezarritako ordena hautsi nahi duten jardunetan, baina baita egunerokotasuneko praktika eta esanahietan ere. Zabortegi batekin batera bizitzen ere soziokulturalki ikasten da, eta esperientzia horren barruan hainbat estrategia eta diskurtso aurki ditzazkegu.
Gainera, ezer gutxi baldin badakigu Verter Recyclingen inguruan, are gutxiago dakigu oraindik perspektiba etnografikotik. Aurrez aipaturiko hondamendiaren ostean egin ziren ikerketa-lanak ez ziren antropologiatik abiatu: gehiengoak ingurumen zientzietatik edota zuzenbidetik garatutako azterlanak izan ziren, edota bestela zabortegiaren atzean zeuden interes politiko-ekonomiko eta influentzia-trafikoa argitara eramateko helburua zuten kazetaritza-ikerketak. Horietan, hala ere, zabortegitik gertuen bizi diren komunitateen lekukotza eta mikroikuspegia ez dira proposamenen erdigunean jarri. Bizi garen inguruneak eta bertan parte hartzen duten gizarte-eragileek gure osasunean paper erabakigarria dutela kontuan hartuta, lan honen zeregin nagusia Eitzagako auzokideen testigantzetara hurbildu eta Verter Recyclingek auzoko osasunean izan duen eragina ikertzea izango da. Osasunaren antropologiaren perspektibari helduta, komunitate txiki horren toxikotasuna ulertu eta kudeatzeko moduak eremu biomedikotik kanpo dauden faktoreekin zerikusia duela erakutsi nahi da, eta horiek zuzenean harremantzen direla lurraldeko harreman sozial, politiko eta ekonomikoekin.
Hori horrela, Zaldibarko zabortegiaren toxikotasunarekiko giza esposizioa ikertzea dut xede, Eitzagako auzotarren esanahi, diskurtso eta gorputz-praktikak ikerketa-eremu nagusi gisa erabilita. Hondakin industrialen kudeaketa ilunak inpaktu zuzena dauka Verter Recyclingen inguruan bizi diren pertsonen gorputz eta osasunean. Horren aurrean, egunerokotasunean toxikotasuna ulertu eta bizitzeko erak hainbat determinatzaile soziokulturalen arabera eraikitzen dira. Eitzaga bezalako baserri-auzo batean, ezinezkoa litzateke gorputz toxikoaren definizioak baserriaren eta lurraldearen esanahietatik bereiztea. Beraz, hiru ardatz (gorputza, baserria eta lurraldea) horien arteko artikulazioa eratzen saiatuko gara, osasuntsu eta gaixoaren, seguru eta lanjerosaren, barruko eta kanpokoaren, norberarena eta besteena denaren, ezagun eta ezezagunaren muga eta espazio liminalei bereziki erreparatuta.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Julia Ron Soto (12 de abril de 2025). Ustelkeriak irentsitako lurralde baten etnografia: toxikoekin bizikidetza Zaldibarko zabortegiko inguruetan. Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 22 de junio de 2025 de https://doi.org/10.58079/13qv5