ANtropologia, KULtura Eta GIzartea: 25 urte
Eusko Folklore Urtekarian gaztelaniaz argitaratutako artikuluaren itzulpena, Xabier Jasok egina. “25 años de ANtropologia, KULtura Eta GIzartea” in Eusko Folklore Urtekaria, José Miguel de Barandiaran Fundazioa, 55. zenbakia 2020-2021, orr. 43-66.
Laburpena
Artikulu hau Ankulegi Euskal Antropologia Elkartearen sorrerari buruzko memoria ariketa bat da, bai eta elkarteak 25 urte baino gehiagoko historian garatu duen jarduerari buruzkoa ere. Ankulegiren ibilbidea Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean diziplina antropologikoaren garapenarekin batera doa: antropologiaren ezarpena unibertsitateetan, haren garrantziaren bilakaera lanbide eta lan eremuan, eta arlo sozialean eragiteko eta esku hartzeko duen gaitasuna. Ankulegi antropologiaren gaineko topaketarako, eztabaidarako eta ezagutza sortzeko gunea da. Edozein elkartek bezala, oraindik ere indarrean dauden zenbait erronkari egin die aurre, honako hauek besteak beste: belaunaldi aldaketari eustea, lankidetza sareak zabaltzea, ikerketa prozesuak bultzatzea eta egiten duen lanaren ikuspegia etengabe eguneratzea, gizartearen eta bere beharren azterketa oinarri hartuta.
Gako-hitzak: Antropologia, unibertsitatea, profesionalizazioa, ASAEE, Euskal Herria.
1. SARRERA
Ankulegi, Euskal Antropologia Elkartea, gizarte eta kultura antropologia hedatzen eta zabaltzen duen erakundea da, eta diziplina horren inguruan gogoeta, ezagutza, ikerketa eta kritikarako guneak sortzea du helburu. Topaleku eta elkartruke irekia da antropologian interesa duten pertsonentzat, ikasleentzat, graduatuentzat edo profesionalentzat, bai eta ikerketa sozialean eta analisi kulturalean inplikatuta dauden antzeko erakundeentzat ere. Horregatik, Ankulegik Espainiako Estatuko Antropologia Elkarteen Federazioaren (FAAEE) sorreran parte hartu zuen, eta gaur egun haren ondorengoaren parte da: Espainiako Estatuko Antropologia Elkartea (ASAEE).
Ankulegi Elkartea 1994ko martxoaren 15ean jaio zen, Donostian, antropologiako zenbait irakasle eta ikasleren ekimenez (gehienak Euskal Herriko Unibertsitatekoak). Beharrezkotzat jo zuten euskal lurraldearen esparruan ikerkuntza antropologikoaren erreferentzia- eta sustapen-esparru bat sortzea. Orduz geroztik, elkartearen helburuak izan dira ikerketa zientifikoak sustatzea eta garatzea, bere burua harremanetarako, konexiorako eta eztabaidarako gune gisa ezartzea, bai eta diziplina hedatzea eta hark gizarte ongizateari begira emandako ekarpenak eta inpaktua zabaltzea ere. Horretarako, 1997az geroztik, Ankulegik gai jakin bati buruzko jardunaldi bat antolatu eta ospatu izan du urtero, eta haren edukiak Ankulegi Gizarte Antropologia Aldizkarianerregistratuta geratu dira. Urtero ere argitaratzen den aldizkari horretan euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko jatorrizko beste artikulu batzuk ere plazaratzen ditu, eta bereziki azpimarratzen dira Euskal Herrian eta Euskal Herriari buruz egindako ikerketak. Aldizkari hori paperean editatu da 2019. urtera arte, eta laster, proiektu horren berrikuntza gisa, argitalpen espazio digital bat inauguratuko du elkarteak. Espazio horrek argitalpen akademikoen formatu klasikoak gainditu nahi ditu, publiko berriak lortzeko eta praktika etnografikoen eta antropologia garaikidearen inguruko ikerketarako, eztabaidarako eta adierazpenerako mekanismo kolektibo eta esperimentalen garapena sustatu eta bultzatzeko.
Sortu zenetik 25 urte baino gehiago igaro ondoren, eta Jose Migel de Barandiaran Fundazioak zuzendutako Eusko Folklorearen Urtekariaren 100 urteak ospatzearekin batera, Ankulegik aukera hau aprobetxatu nahi du bere ibilbidea, egin dituen ekintzak eta jarduerak eta sortu duen ondare zientifikoa jendarteratzeko, balioa emanez batez ere elkartea sortu zuen eta denbora guzti honetan bizirik mantendu duen giza taldeari. Gure jardueraren balantzea egin nahi dugu, gizarte antropologiak azken 30 urteotan Euskal Herrian egin duen ibilbidearekin batera, eta, bereziki, egungo antropologiaren alderdi profesionalei dagokienez, bere estatutua asko aldatu baita hiru hamarkada hauetan. Azken batean, elkartearen ibilbidea gogoratu nahi dugu, bere ekarpenak ospatzeko, bere ahalmenei buruz hausnartzeko eta, horrela, bere ondarea perspektibarekin jarraitzeko.
2. ELKARTEAREN JATORRIA
Ankulegiren fundazioa ekarri zuten gertaera ezberdinen artean, hiru mugarri garrantzitsu nabarmendu behar dira: (1) Teresa del Valle Euskal Herrira itzultzea eta hura Donostiako Filosofia Fakultatean (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaile gisa sartzea; (2) FAAEEren diziplinari eta eraketari buruzko estatu mailako lehen kongresuak; (3) azkenik, elkarte-, ikasle- eta unibertsitate-mugimendua. Mugimendu horrek, besteak beste, Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentziaren sorrera eta ezarpena bultzatu zituen Euskal Herriko unibertsitateetan, 90eko hamarkadaren hasieran.
Gogora dezagun Antropologia, espezialitate gisa, 70eko hamarkadan sortu zela Espainiako Estatuko unibertsitateetan (oro har Soziologia, Filosofia eta Geografia eta Historiako lizentzietako ikasketa planetan), eta 80ko hamarkadan zenbait unibertsitatetan finkatu zela (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea eta Bartzelonako eta Sevillako Unibertsitateak) (ik. Tomás Cardoso, 2021). Antropologiaren garapena ez zen homogeneoa izan Estatu osoan, eta denbora gehiago behar izan zuen beste unibertsitate batzuetan sartzeko, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatean (ik. Díez Mintegui, 2002).
Teresa del Valle Murga (Donostia, 1937) Euskal Herriko Unibertsitatean gizarte antropologiako irakasle gisa estreinatu zen antropologoa da (1979), eta lehen emakume katedraduna izan zen arlo eta unibertsitate horretan (1988). Del Valle misiolari gisa joan zen Estatu Batuetara ikastera, eta Hawaiiko Unibertsitatean antropologian trebatu ondoren (1978an doktoratu zen), ekarri zuen etnografian eta landa lanean oso errotuta zegoen diziplinaren ikuskera bat -Euskal Herrian zegoen tradizioarekin bat zetorrena-, baina baita antropologia dinamikoago eta sozialago bat ere, eraldaketa eta arazo sozialei arreta jartzen diena. Nazioarteko ikuspegi hori ez zetorren bat euskal tradizio antropologiko folkloristarekin, bertan landa inguruneetako tradizioak, objektuak, mitologia eta ondare material eta arkeologikoa aztertzen baitziren, baina testuinguru soziopolitikotik urrun. Del Vallek, erlijio heziketari oso lotuta dagoen tradizio horretatik edan bazuen ere, bere lanaren bidez haustura ekarri zuen zeregin etnografikoaren eremura, euskal kulturaren, gizartearen eta testuinguru antropologikoaren jatorrizko esperientzia bera diziplina ulertzeko eta errealitate soziala aztertzeko modu berriekin bateratzeko gai izan baitzen.
1981etik 1983ra bitartean, haren ikuspegi eta zeregin antropologikoa aitortzeko, Eusko Ikaskuntzak emandako José Miguel de Barandiaran bekak aukera eman zion bere taldearekin batera1 ikerketa etnografiko konparatibo bat egiteko, euskal emakumeak landa ingurunean, arrantzan eta hiri ingurunean dituen portaera eta balioei buruzkoa, Mujer Vasca. Imagen y realidad (1985) argitaratzean amaitu zena. Eragin handiko lana izan zen hura, euskal matriarkatuaren mitoa zalantzan jarri eta eraitsi baitzuen2. Era berean, 1980an Korrikaren fenomenoarekiko interes intelektuala piztu zitzaion; horrek euskal etnikotasunari buruzko ikerketak egiten ari ziren antropologo iparramerikarrekin (James Fernández kasu) harremanak estutzera eraman zuen3. Dedikazio hori gorenera iritsi zen euskararen aldarrikapen eta defentsaren erritualizazioari buruzko oinarrizko testua den Korrika. Rituales de la lengua en el espacio lanarekin (1984)4.
Bestalde, Del Valle antropologia feminista Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan sartzen aitzindarietako bat izan zen. 1980tik 1985era, bai eta 1992 eta 1994 artean, Emakumeari buruzko Ikasketen Mintegiko zuzendaria izan zen, eta 1984an “Sexu diferentziazioa eta hierarkizazioa” izeneko doktorego feministako lehen ikastaroa eman zuen5. Era horretan, Del Valle irakasle eta lagun sutsu bilakatu zen antropologo gazteen belaunaldiko kideentzat: ikerketa garrantzitsuak egin zituen haiekin, eta lortu zuen diziplina hobeki ikusaraztea (geroago Ankulegiren bidez gauzatu zena) eta ikasketa planetan lizentzia gisa sartzea. Gainera, euskal antropologiaren eta UPV/EHUren nazioarteko proiekzioa sustatu zuen atsedenik gabe, European Association of Social Anthropologists (EASA, 1989) erakundearen talde sortzaileko kidea eta lehen presidenteordea izan baitzen6.
Ankulegi sortu zuen bigarren mugarriari dagokionez, nabarmentzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera hasi zirela antropologiako estatuko lehen bilerak eta kongresuak egiten7.
Ankulegi eragin zuen bigarren mugarriari dagokionez, nabarmentzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera hasi zirela antropologiako estatu mailako lehen bilerak eta kongresuak egiten. Horiek pixkanaka hainbat arazo jarri zituzten mahai gainean: Estatuan prestakuntza espezifikorik ez izatea —jende asko atzerrian hezia zen—, elkartzeko eta lanbidea defendatzeko beharra, eta lurraldetasunaren gaia ere bai, bi kontu hauei erreferentzia eginez: Estatuaren nortasun nazionalak eta antropologia bera, aztergai dituen gaiei dagokienez (Montesinos eta Rubio, 2021).
II. Antropologia Kongresuarekin batera (Madril, 1981), hasi zen eztabaidatzen egungo antropologia elkarteen artean komunikazio hobea ahalbidetuko zuen mekanismo bat sortzeko aukerari buruz, baita elkarterik gabeko autonomia erkidegoetan elkarteak sortzeko ideiari buruz ere. Aldi berean, planteatu zen Estatu osoko antropologiako profesionalak bilduko zituen elkarteen federazio bat sortzea. Baina, batez ere, asmoa zen federazio horrek Espainian antropologia sustatzea. Izan ere, ordura arte oso ezezaguna zen antropologia, eta gizarteari erakutsi nahi zitzaion diziplina horrek, mundu akademikoaz harago, herritarrei eragiten zieten gizarte arazoak konpontzen laguntzen ahal zuela. Horrela, antropologoak altxatu ziren ikuspegi estereotipatu baten aurka, zeinaren bidez diziplina antropologikoa exotikoari eta iraganari buruzko zientziarekin identifikatzen baitzen. Gainera, askok soziologia, historia edo filosofia bezalako beste diziplina batzuen menpekotzat hartzen zuten. Horregatik guztiagatik, kongresu horretan idatzi ziren Espainiako Estatuko Antropologia Elkarteen Federazioa (FAAEE) izango zenaren estatutuen lehen zirriborroak, hiru urte geroago (1984an) Donostiako III. Antropologia Kongresuan eztabaidatu zirenak eta, azkenik, 1987an onartu zirenak, Antropologiako IV. Kongresuan (Alacant), non FAAEE sortu baitzen8) (Montesinos eta Rubio, 2021).
Azpimarratzekoa da Donostian III. Antropologia Kongresua ospatzeak Euskal Herrian antropologia izaten ari zen trantsizio eta errelebu une garrantzitsu bat plazaratzea ekarri zuela9. Kongresuaren ondoren, antropologiako euskal elkarte bat eratzeko erabakia errealitate bihurtu zen. Erabaki hori, FAAEEn ordezkaritza izateko helburua betetzeaz gain, biltzar horretan arlo ez-akademikoetatik zetorren antropologia egin izanaren eta diziplinarekiko gero eta interes sozial handiagoa izatearen ondorio ere bazen. Horren erakusgarri izan zen, Del Vallek une hartan nabarmendu zuen bezala, auzo elkarteek, jai batzordeek edo auzoko kolektiboek antropologiari buruzko solasaldiak edo hitzaldiak gero eta gehiago eskatzea, bai eta kongresuan lan tradizionalei eta arte adierazpenei buruzko erakusketak sartzea ere (La Voz, 1984). Hala, elkartearen jatorrizko asmoen artean, gizartearen eta mundu akademiko eta unibertsitarioaren arteko zubi dialogiko gisa ezartzea zegoen. Asmo hori Ankulegiren helburuetako bat da gaur egun ere.
Hirugarren mugarriari dagokionez, 1990eko hamarkadan izan zen, FAAEE eratu zenean, Antropologiako lizentzia espezifiko bat egiteko lan egin zen orduan, gizartearen eskariak bultzatuta eta haren irakaskuntzaren ekarpen bereizgarriagatik eta Humanitateen eta Gizarte Zientzien beste diziplina batzuen aldean antropologiak dituen berezitasunengatik justifikatuta. Horrela, Hezkuntza Ministerioari presioa egin zitzaion hura onartua izan zedin. Horretarako, hainbat batzorde eratu ziren. Estatu mailako Antropologiako sailek eta elkarteek osatutako batzorde horietan lizentzia behin betiko osatuko zuten irakasgai edo kurtsoei buruz eztabaidatu zen10. Euskal Herrian, batzordeburuak Teresa del Valle, Txemi Apaolaza, Carmen Díez (besteak beste, Ankulegiren hazia eta talde sortzailearen parte izandakoak), Joxemartin Apalategi eta Mikel Azurmendi izan ziren. Deustun, Paco Sánchez Marcoren ahalegina funtsezkoa izan zen. Mexikoko Unibertsitate Iberoamerikarrean ikasi zuen, Angel Palermekin, eta tradizio antropologiko mexikarra ordezkatzen zuen, baita Josetxu Martinez Montoya Ankulegiko bazkidearen lana ere. Prozesu horrek Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentzia titulua ekarri zuen. Titulu hori Estatuko zenbait unibertsitatetan ematen hasi zen 1993 eta 1996 bitartean; UPV/EHUn eta Deustun 1995-1996 ikasturtean, eta 2003-2004 ikasturtean UNEDen. Ildo horretan, Paco Ferrándiz ere nabarmendu behar da. Izan ere, Euskal Herrira itzultzean, Antropologiako eskolak eman zituen Deustun, eta Bizkaiko UNEDen estreinatu berria zen lizentziaren tutore ere izan zen, Andrea Ruiz Balzolarekin batera. Azken hori Mexikon ikasi zuen, eta, ondoren, Deustuko Unibertsitatean doktoratu zen, Ferrándizek zuzentzen zuen programan.
Horrela, diziplinari dagokionez nolabaiteko independentzia lortu zen bigarren zikloko lizentzia eratutakoan. Beste titulazio batzuetatik zetozen eta, oro har, aurretiko dedikazio profesionala zuten hainbat ikasle sartu ziren han. Urte horietan, antropologian aritu nahi zutenen ibilbide profesionalak arlo horren barruko irakaskuntza eta ikerketa unibertsitarioak ziren nagusiki.
Laburbilduz, Ankulegi sortzea euskal antropologo talde baten borroka-mugimenduaren emaitza izan zen nagusiki, diziplina antropologikoari beste herrialde batzuetan, hala nola Estatu Batuetan, Frantzian edo Ingalaterran, esparru akademikoan zein profesionalean aitortzen zitzaizkion estatus eta izaera bera emateko. Mugimendu horrek ikusi zuen Euskal Herriko elkarte sarea indartzeko eta, aldi berean, FAAEEn integratzeko aukera izango zuen tresna juridiko bat sortzeko beharra, diziplina unibertsitateen ikasketa planetan sartzeko eta gizarte osoarekin konektatzeko plataforma izan zedin.
3. ANKULEGIREN IBILBIDEA: JARDUNALDIA ETA ALDIZKARIA
Ankulegi 1994ko martxoaren 15ean sortu zen azkenean. Eraketa aktan, bilera hartan egon zirenen eta lehenengo zuzendaritza batzordeko karguak izan zituztenen izenak agertzen dira: Paco Pereda, Carmen Diez Mintegui, Eusebio Leranoz, Iñaki Martin, Txemi Apaolaza (presidentea), Pio Pérez Aldasoro (diruzaina), Begoña Pecharromán (idazkaria), Jose Luis Gorritxategi eta Mari Luz Esteban (batzordekideak). Filosofia Fakultatearen bizitzako lehen hilabeteak ziren horiek, Ibaetako campusean.
Zorroagan, aurreko kokalekuan, fakultate horrek berak pentsamendu garaikideko figurak bildu zituen, besteak beste, Julio Caro Baroja, Mikel Azurmendi, Juan Aranzadi edo Joseba Zulaika antropologoak. Ia guztiek utzi zuten fakultatea, hainbat arrazoirengatik (horietako batzuk tentsio politikoari lotuta). Ibaetan gizarte antropologia eraiki zen Teresa del Valleren irudiaren inguruan, eta Txemi Apaolaza eta Carmen Díez Mintegui izan ziren Ankulegi eratu eta bultzatzeko eta Estatuko gainerako antropologia elkarteekin harremanak ezartzeko ahalegin handiena egin zutenak.
Estatuko elkarteen federazioaren (FAAEE) babespean, zenbait ikerketa egin ziren 90eko hamarkadaren hasieran, eta lan horiek euskal antropologiaren eta Estatuko beste lurralde batzuetako antropologoen arteko harremana sendotu zuten. Besteak beste, “Identitate etnikoa eta migrazio prozesuak Espainiako Estatuan” ikerketa egin zen, Ubaldo Martínez Veigak zuzenduta, eta zeharkako gaiei buruzko ekarpenen bilduma zen Antropología de los pueblos de España (1991) bezalako liburuak argitaratu ziren, Joan Prat, Isidoro Moreno, Ubaldo Martínez eta Jesús Contrerasek koordinatua. Andaluzian (Stanley Brandes) edo Gaztelan (Susan Tax Freeman) landa lana egiten ari ziren antropologo anglosaxoien ekarpenak ere jasotzen zituen liburuki horrek.
Euskal Herria anglosaxoi kutsuko ikerketa antropologikorako lekua ere izan zen. 90eko hamarkadaren hasieratik etnografia garrantzitsuak argitaratu ziren hainbat gairi buruz: nazionalismoa (Marianne Heiberg); eraldaketa ekonomikoak (Davydd J. Greenwood), hileta-erritualak eta elkarrekikotasuna (William Douglass), edo nekazarien eta artzainen komunitateak (Sandra Ott). Horrela, antropologia egiteko modu bat inportatu zen, tokiko ikerketak ere markatuko zituena. Teresa del Valle antropologoaz gain, beste batzuk ere, hala nola Joseba Zulaika edo Begoña Aretxaga, Estatu Batuetan trebatuak ziren (biek Princetonen egin zuten doktoretza): lehena Nevada-Renoko Unibertsitatean finkatu zen, bertan William Douglassek Euskal Ikasketen Zentroa sortu baitzuen; eta bigarrena, Teresa del Valleren taldean parte hartu ondoren, Harvarden hasi zen irakasle. Goiz hil bazen ere, Aretxagak Irlandari buruz egin zituen ikerketak antropologia politikoaren erreferente bihurtu zen nazioarte mailan.
Ankulegik Alemaniako kultur arloko zirkulu, historia eta inkesten tradiziotik aldentzen zen lan egiteko modu bat ordezkatzen zuen, betiere antropologiari dagokionez, eta landa lanaren tradizio anglo-frantsesera eta errealitate sozialaren analisi estrukturalista eta sinbolikoetara gero eta gehiago hurbildu zen, fenomeno sozialen ikuspegi kritiko eta politikoa garatzeari ekin ziolako. Hala ere, Ankulegiren indar asoziatiboa ez da bultzada teoriko batetik sortzen, baizik eta adiskidetasun giro batetik; izan ere, hori gabe, elkartzea ezinezkoa izango zen. 90eko hamarkada hartan, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak estuagoak eta horizontaltasun handikoak ziren, eta, horri esker, horrelako proiektuak aktibatu ahal izan ziren.
Ankulegiren bilakaera markatu zuen mugarrietako bat Espainiako Estatuko Antropologiako Ikasleen IV. Kongresua izan zen. Donostian egin zen, 1996an, Sevilla, Bartzelona eta Tarragonakoen ondoren11. Biltzar horri esker, Jexux Mari Irazu eta Huan Porrah ikasleak elkartera hurbildu ziren, eta oso zeregin garrantzitsua izan zuten une horretatik aurrera elkartearen aktibazioan12. Kongresuaren aktak Huan Porrah, Begoña Petxarroman eta Elixabete Garcíak argitaratu zituzten, eta Ankulegi inguruko pertsona oso aktiboak bildu ziren bertan, ikasleak zein irakasleak, bai eta EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakasle batzuk ere13.
Hurrengo urtean, 1997an, ikasle multzo aktibo horren bultzadari esker, Ankulegiren erritmo asoziatiboa eta nortasuna markatu dituen jarduna hasi zen: urteko jardunaldia, EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailarekin lankidetzan antolatua, eta Ankulegi Gizarte Antropologia Aldizkariaren edizioa. Azken hau jardunaldietako ekarpenez elikatuko zen nagusiki, nahiz eta kanpoko elkarrizketak eta erreseinak ere izango zituen.
3.2. Antropologia jardunaldiak (1997. urtetik)
Ankulegi antropologia zabaltzeko eta diziplinaren barruan hausnarketarako, ikerketarako eta kritikarako guneak sortzeko asmoarekin sortu zen. Horregatik, 1997an, elkartea antropologia jardunaldi bat egiten hasi zen UPV/EHUn, gai jakin batean oinarritua. Gai horren gainean, ikertzaile, ikasle eta herritar interesdunek beren kezkak eta ikerketen emaitzak azaltzen ahal zuten. Gune horretan, ikerketa aurreratuak aurkezten ziren, baina, era berean, ikertzaile hasiberriek beren lanak lehen aldiz azaltzeko aukera izan zuten14. Izan ere, Ankulegiko jardunaldietan hasi ziren gaur egun UPV/EHUn eta beste unibertsitate batzuetan lan egiten duten antropologiako irakasle asko eta asko. Halaber, jardunaldi bakoitzean, izen handiko ikertzaileen osoko hitzaldi bat edo gehiago antolatzen dira, eta azken lanak eta ekarpenak azaltzen dituzte. Jardunaldien ondoren, parte-hartzaile guztiek Ankulegi Gizarte Antropologia Aldizkarian argitaratu gabeko artikulu bat aurkezteko aukera izan dute, eta horri buruz hitz egingo dugu hurrengo atalean.
2012tik aurrera, Olatz González Abrisketa buru zuen eta Miren Urquijo diruzain zuen zuzendaritza batzordeak jardunaldia gehiago irekitzea sustatu zuen. Jardunaldia unibertsitatetik atera eta Donostiako San Telmo Museoan egiten hasi zen martxoan. Ankulegik, orduan, lankidetza sendoa garatu zuen erakunde horrekin, eta gaur egun arte mantentzen da. Kokapen berri horri esker, jende gehiago elkartu eta publiko anitzagoa bil daiteke, nahiz eta hurbileko eta ospakizun giroa nagusi den oraindik ere. Urtero, Ankulegik bazkari edo afari bat antolatzen du egunean zehar, bertaratzen direnek hitz egin eta harremanak estutzeko aukera izan dezaten.
Jardunaldiaren inguruan, beste ekimen batzuk ere egin ziren, hala nola Argazkigintza Etnografikoaren I. eta II. Lehiaketa, 2012an eta 2014an, San Telmo Museoan egindako erakusketa banarekin15. Eta elkarteak beste jarduera batzuk ere sustatu ditu, hala nola tailerrak, landa lanari buruzko mintegiak, zinema etnografikoaren proiekzioak edo ibilaldi gidatuak. 2002an, Maribel Suarezek gaueko ibilaldi bat antolatu zuen Bilbon, bertako hiri-aldaketak ezagutzeko, eta Mikel Arbizak beste bat egin zuen Donostiako hiri-artearen inguruan, 2014an, “Donostilandia Street-Art Tour” izenekoa16. Berrikiago, Miren Urquijok zenbait ibilaldi egin ditu Aieteko, Arbaizeneako, Morlanseko eta Amarako (2017, 2018) uren bideen inguruan, Lidia Montesinosekin, Cristina Enea Fundazioarekin eta Morlanseko bizilagunen elkartearekin lankidetzan, eta, horrela, Donostiako auzoen historia eta kultura ondarea zabaltzen lagundu du.
3.3. Gizarte Antropologia Aldizkaria (1997-2019)
Ankulegi aldizkaria 1997an sortu zen jardunaldien jarraipen gisa, bertan aurkeztutako lanak eta gai horri buruzko beste ekarpen batzuk jasotzeko. Jardunalditik datozen artikuluek “monografikoa” atala osatzen dute, eta “kolaborazioak” atala gai libreko artikuluei eskaintzen zaie. Gainera, aldizkariak erreseinen eta elkarrizketen atal bat dauka.
Lehen urteetan, aldizkariak erredakzio talde dinamiko bat izan zuen: Miren Alcedo, Huan Porrah, Jexux Mari Irazu, Pedro García Fernández, Aitzpea Leizaola, Paloma Fernández Rasines eta Imanol Ilárraz. Lehen bi urteetan azpimarratzekoa da artikulu klasikoak euskaratzeko ahalegina (Dan Sperber eta Clifford Geertzenak, kasu honetan), baina ekimen hori gerora ez zen finkatu. Sendotu zena elkarrizketen atala izan zen: hirugarren zenbakian Miren Alcedok Joseba Zulaikari egindakoa lehena izan zen.
2003an erredakzio talde egonkor bat osatu zen, Elixabete Imaz, Imanol Ilárraz, Aitzpea Leizaola eta Adriana Villalónek osatua. Horiek 15 urte baino gehiagoz editatu dute aldizkaria, eta 2008an berritu zuten diseinua. Ankulegik gai ugariri buruz argitaratu du, urteko jardunaldiaren gaiekin bat datozenak: esate baterako, generoa, migrazioak, memoria, turismoa, emozioak, aktibismoa, musika edo diziplinaren arazo etiko eta metodologikoak. Bertan parte hartu dute antropologiako gaztelaniazko ahots garrantzitsu ia guztiek, eta, jakina, baita azken urteotan ospea lortu duten baina Ankulegin beren lehen lanetako batzuk argitaratu dituzten egileek ere. Zenbait urtetan, Ankulegi gaztelaniazko antropologia aldizkarietako lehen postuetan egon zen hedapen-katalogoetan eta argitalpen-kalitatean (adibidez, IN-RECS edo DICE); horrela, Estatuko gizarte antropologiaren erreferente bihurtu zen, Granadako Unibertsitateko Gazeta de Antropologia eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Revista de Antropología Social aldizkariekin batera.
Aldizkariak elkartearen eginkizun dinamizatzailea bete du, zalantzarik gabe; izan ere, jardunaldiarekin batera, gizarteari zuzendutako nolabaiteko aurkezpen-gutuna zen, eta Estatu osoko antropologoekin harremanak izateko aukera ematen zuen, horiek jardunaldietara etortzen baitziren edota aldizkariarekin kolaboratzen baitzuten. Behin baino gehiagotan egin ziren jardunaldiari eta aldizkariari buruzko erreseinak beste aldizkari akademiko batzuetan, adibidez 2006an sortutako AIBR. Revista de Antropología Iberoamericana aldizkarian. Hori ez bezala, Ankulegi aldizkaria ez zen egokitu aldizkari zientifikoen kalitatea ebaluatzeko eta inpaktu indizeak neurtzeko atarietan sartzeko prozesuetatik eratorritako argitalpen eskakizun berrietara. Binakako ebaluazioaren baldintzek, kalitatezko proposamenak jasotzeko zailtasunarekin batera -egileek inpaktu indize handiagoko aldizkariak bilatzen baitzituzten-, ekarri zuten aldizkariak atzerapen handiak eta gero eta zailtasun gehiago izatea zenbakien aldizkakotasunari eusteko.
2012an, aldizkariaren geldialdia saihesteko eta zabalkundea handitzeko, zuzendaritza batzordeak aldizkaria digitalizatzea sustatu zuen. Orduz geroztik, argitalpena aldi berean ateratzen zen paperean eta open access formatu digitalean, eta aurreko zenbakiak digitalizatzen hasi ziren (oraindik amaitu ez den prozesua)17. Hala ere, modernizatzeko urrats garrantzitsu horrek ez zien bukaera eman zailtasunei. Aitortza akademikoaren gaineko eskakizunez gain, aldizkariaren finantzazioa ere gero eta zailagoa zen: argitalpen kostuak ez ziren bazkideen kuoten bitartez estaltzen, eta hasieratik aldizkariari eusteko baliagarriak izan ziren laguntza eta dirulaguntzetan aldaketak izan ziren. Horregatik, 2020an, elkarteak bere argitalpen proiektuaren norabidea aldatzea erabaki du. Etapa honi amaiera emango diona Ankulegi Gizarte Antropologia Aldizkariaren 23. zenbakia da: 2019ko jardunaldiari dagokio eta heriotzaren gaia hartu zuen hizpide. Aldizkariak ikasketa eremuak irekitzeko orduan erreferentzia izan diren kalitatezko ekarpen ugari eman ditu, zalantzarik gabe.
Orain, Ankulegiren benetako gaitasun eta beharretara egokitu beharra dago: alde batetik, ahots berriak sartzea, eta, bestetik, akademiaren eta antropologia ezagutzarako eta aldaketa sozialerako tresna den beste espazio batzuen arteko elkarrizketari eustea. Horregatik, 2021ean, batzarrak erabaki zuen antropologiari eskainitako gune digital bat irekitzea, askotariko edukiak eta baita hibridoak ere sortzeko aukera emango duena, zientziaren, saiakeren eta literaturaren artean mugituko direnak, eta azkarrago editatu ahal izango direnak, materialen freskotasunari eutsiz.
Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea aldizkariaren argitalpen taldea, 2000ko hamarkadaren erdialdean, aldizkariak trukatzen hasi zela beste argitalpen batzuekin, eta horrela liburutegi txiki bat osatu zela. Munibe, Zainak, Uztaro, Bitarte, Jakin, Zukil, Aranzadiana, Papeles, Revista de Etnologia de Catalunya, Bitarte, Thule, Quaderns, Etnográfica, Revista de Antropología Social UCM, Alteridades edo Mana aldizkariek elkartearen mediateka elikatu dute 20 urtez. 2012an, Donostiako Udalak Aieteko lokal bat utzi zuenetik, elkarteak material horiek ordenatu eta lan egiteko gune bat osatu zuen, baina ez du inoiz izan espero zen erabilera18. Horregatik, eta mantentze-lanek eragiten zituzten gastuak kontuan harturik, duela gutxi Ankulegik uko egin dio gune horri eta han bildutako funtsa Aranzadi Zientzia Elkarteari laga dio. Elkarteak, orain, kideen interesekin bat datorren beste bilgune eta lan gune bat bilatzea komeni ote den baloratuko du.
4. ANTROPOLOGIAREN PROFESIONALIZAZIOAREN ERRONKA
Etengabea izan da Ankulegik hasieratik izan duen interesa eta egin duen apustua, bai profesionalizazioaren alde bai antropologiak hainbat fenomeno soziokulturali aurre egiteko erakutsitako erabilgarritasunaren alde, eta hori are nabarmenagoa izan da milurteko berria hastearekin batera. 2000. urtean, Ankulegik “antropologia aplikatuko ikerketa lerroei” eskaini zien bere laugarren jardunaldia, aldizkariaren 4. zenbakiarekin bat. Jendeak ondo hartu zuen, eta erabaki horrek nolabaiteko eragina izan zuen: horrela, antropologia akademiatik harago praktikara eramateko erronka izan zen jorratutako gaia bosgarren jardunaldian eta 2001eko 5. aldizkarian: “Arazo teorikoak eta metodologikoak ikerketa antropologikoan”. Era berean, lantalde bat eratu zen antropologoen profil profesionalak eta lan irteerak jorratzeko. Carmen Díez Minteguik koordinatutako talde horretan zenbait lizentziadun eta garai hartako hainbat ikasle egon dira: esaterako, Miren Urquijo, Susana Atxerandio eta Beatriz Moral. Horrela, bada, seigarren jardunaldia eta 6. aldizkaria (2002an) “antropologiaren etorkizun profesionalari” buruzko prospekzio bat egiteari buruz izan ziren. Ankulegin behin eta berriz agertzen den gaia izanik, 2015ean profesionalizazioari buruzko hausnarketa talde berri bat sortu zen, antropologia graduko ikasle egresatuek osatua. Gai hori berriz ere interesgune eta berrikusteko moduko ardatz bilakatu da jardunaldiaren azken edizioan, 2021ean; “Antropologia lanbide” izenburua izan du jardunaldiak, hain zuzen ere.
VI. jardunaldia, 2002an, inflexio puntua izan zen antropologiaren profesionalizazioaren garapenean Euskal Herrian, eta Ankulegiko hainbat bazkidek zerikusi handia izan zuten horretan. Garai hartan doktoretza ondoko bekadun gisa aritzen zen Beatriz Moralek, bere lankide Marco Poppelmannekin batera (bera ere gizarte antropologoa), hasierako asmo bat aurkeztu zuen. Ideia hori Entreprenari19 programan izandako prestakuntzaren eta Imanol Ilárraz, Begoña Pecharromán, Margaret Bullen eta Miren Urquijo antropologoekin egindako elkarlanaren ondorioa zen. Proposamenak jardunaldi horretan parte hartu zuten pertsona askoren babesa jaso zuen, eta urte bereko azaroan, taldeak ideia hori gauzatu zuen Farapi elkartea sortuz, bi urte geroago enpresa gisa eratu zena: Euskal lurraldean antropologia aplikatuko eta aholkularitza antropologikoko lehen enpresa, Donostian kokatua (gaur egun kooperatibaren forma juridikoa dauka)20. Lehen urrats horiei eta UPV/EHUko antropologia irakasleen babesari esker (batez ere Carmen Diez eta Teresa del Valle aipatu behar dira), Farapi aipatutako saileko spinoff bakanetakoa izan zen eta genero berdintasuna sustatzearen arloko proiektu batzuk lortu zituen. 2002ko azaroan, Manuel Laborde Werlinden sariaren bigarren ediziora aurkeztu zen; ez zuen irabazi, baina parte hartu izanak Miramongo Zentro Teknologikoko Bic Berrilan enpresa-inkubagailura gonbidatua izan zedin bultzatu zuen (bertan izan zuen egoitza 2009ko urtarrila arte).
Sorrera eta kokapen horren barruan, talde sortzaileak nahi izan zuen gizarte antropologiak enpresen I+G+b prozesuetan eragina izatea. Hala ere, hori ez zen posible izan zazpi urte iragan arte, hain zuzen ere Mondragon kooperatiban zegoen Fagor etxetresna elektrikoen enpresako Hometek izeneko I+G+b unitatearen bidez enpresaren antropologian hasi zen arte. Farapi, gerora bere jarduera aplikatua garatu du (besteak beste, genero berdintasuneko politika publikoen alorrean), eta Euskal Herriko testuinguruan lanbidearen asmakuntzaren eragile eta erreferenteetako bat izan da eta da. Sortu zenetik, antropologiaren aplikazio eremua zabalduz joan da, gizarte ekonomia edo partaidetza prozesuak bezalako esparruetara iritsi arte. Farapiren ildoari jarraikiz, nabarmentzekoa da Ethnotek enpresa eratu zela, Miren Urquijok sortua eta zuzendua. Enpresa horren zerbitzuak bideratu dira gizarte- eta kultura-arloan ikerketa kualitatiboak garatzeko metodo eta teknika etnografikoak aplikatzera, beste enpresa eta erakunde batzuentzat.
Profesionalizaziorako bultzada horrek bultzatuta, 2003. urtean, Ankulegi elkarteak berak bere sinadura jarri zuen antropologia aplikatuaren lehen ariketa izango zen lanaren prestaketan eta argitalpenean. La ciudad cerca de ti. Recursos comunitarios, acceso y orientación a personas inmigradas (2003) zen haren jatorrizko izenburua. Dokumentu horrek erantzuna eman zion “Donostiako eskualdera (Donostialdea) datozen migratzaileei ongietorria emateko eta haiek finkatzeko orientazioa emateko nahia…” hitzak erabiliz adierazi zenari. Gida eleaniztun oso bat da (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz), eta migratzaile orok hirira iristean izan ditzakeen beharrak jorratzen ditu21. Lan hori egiteko eta editatzeko, eta zeregin antropologikoaren erakusgarri gisa, Ankulegik elkarrizketatu egin zituen zenbait migratzaile, (interesdun nagusiak), bai eta immigrazioaren eta harreraren arloko elkarte eta GKEetako ordezkari batzuk ere, proiektua haiei ere zuzenduta baitzegoen. Imanol Ilárraz, Begoña Pecharromán eta Miren Urquijok egindako gida hori Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntzarekin finantzatu eta argitaratu zen. 2008. urtean, elkarteak gida eguneratu eta berriz argitaratu zuen, La ciudad cerca de ti. Guía de recursos comunitarios de Donostia izenburupean.
Aurrekoarekin batera, Ankulegi hasieratik arduratu da antropologiako profesionalek izan dezaketen babesgabetasunaz, bereziki independenteki jarduten dutenei dagokienez, eta diziplinaren profil profesionalak defendatzen eta babesten saiatu da, baita argi eta garbi dagozkion lan nitxoak eskatzen ere. Horren adibide gisa, 2003an, Ankulegik kexa bat aurkeztu zuen Arartekoaren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiari eta euskal administrazio publikoko beste erakunde batzuei kopia bat bidalita, etnografiako teknikari lanpostu baten enplegu publikoaren deialdiaren gainean, ikusita prozesuaren irregulartasunak eta etnografiari buruz egin zen interpretazio eta deformazio okerra, kontzeptu eta lan praktiko gisa. Era berean, UPV/EHUko Antropologia Sailarekin lankidetzan, gestio batzuk egin ziren Antropologiako lizentzia irakaskuntza publikoan (ik. Pérez Aldasoro, 2015) eta enplegu publikoko zenbait sektoretan jarduteko prestakuntza espezifiko gisa onar zedin.
Berriki, Ankulegik bere egin ditu antropologiako lan autonomoaren prekarietateari buruzko beste kezka eta salaketa batzuk, neoliberalismoaren berezko baldintza ekonomiko eta denborazkoen testuinguruan. Antropologiaren jardun profesionala babestuko zuen elkargo bat sortzeko Estatuko beste elkarte batzuekin batera egindako borroka luzea baina alferrikakoa izan den arren, Ankulegik ez dio inoiz utzi diziplinaren, metodo etnografikoaren eta lan arloan profesionalek dituzten interesak eta balio soziala defendatzeari, eta etengabe aritu da antropologiak lanbide gisa aurre egin behar dien egungo problematika eta erronkei buruz hausnartzeko ahaleginean ere22. 2021eko jardunaldiak eztabaidaren erdigunean jarri du berriro gai hori, bereziki kontuan hartuta antropologo gazteenen lan prekarietatea eta ziurgabetasuna, batez ere unibertsitateetatik kanpo.
4.1. FAAEEren XI. Antropologia Kongresua Donostian (2008)
Elkartea sortu eta FAAEEn integratu zenetik, gainerako elkarteekin batera23, Ankulegik hiru urtean behin egin diren Estatuko kongresuak garatzen lagundu du24, eta, besteak beste, egituraketa eta finantzaketa edo gai logistikoak landu ditu. Gainera, Ankulegi FAAEEn inplikatu da, batzorde exekutiboko zenbait kargu hartuz, horrek dakartzan zeregin eta erantzukizunekin. Txemi Apaolaza, Ankulegiko bazkide fundatzailea, federazioko presidentea izan zen 2002tik 2008ra, eta Olatz González Abrisketa eta Miren Guilló Arakistain federazioko idazkariak izan ziren 2012-2015 eta 2017-2019 aldietan, hurrenez hurren. Ildo horretan, Ankulegiren bilakaeran mugarri nagusietako bat FAAEEren XI. Antropologia Kongresua antolatzea izan zen: 2008an Donostian egin zen eta elkartearen aldi aktiboenetako bat burutu zuen25.
Kongresu horretan eztabaida garrantzitsuak izan ziren antropologiaren profesionalizazioari eta unibertsitateko gradu berriaren berehalako ezarpenari buruz, bai eta FAAEEk testuinguru horretan duen eginkizun eta osaerari buruz ere. Federazioaren batzarrean giro bereziki kritiko eta gogoetatsua izan zen honako berri honen aurrean: azkenean, ahaleginak ahalegin, antropologiako elkargo profesional bat sortzea ezinezkoa izango zen. Horrela, “Erronka teorikoak eta praktika berriak” lelopean, kongresua saiatu zen diziplina antropologikoak aurre egin behar zion egoerari heltzen, gero eta globalizatuagoa, hiperkonektatuagoa eta konplexuagoa den mundu baten testuinguruan, eta horrek berrikuspen eta berrikuntza teoriko eta metodologikoa zekarren berekin. Gainera, eztabaida hori Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrua (EGMHE) sortzeko eta garatzeko koiunturan eman zen. Esparru horrek planteatzen zuen antropologiaren unibertsitate-estatusa beste gizarte zientzia batzuenarekin parekatu ahal izateko erronka.
Unibertsitate giroa alaitu eta gizarte eta kultura antropologia euskal eztabaida publikora eraman zuen kongresu horren ondoren, Ankulegik argitaratu zituen sinposioen aktak eta gonbidatutako txostenak jasotzen zituzten 14 liburuki tematikoak (formatu digitalean ere eskuragarri dagoen ekarpen garrantzitsua)26.
4.2. Antropologiako Gradua eta Practicumaren sorrera
Antropologia diziplina akademiko gisa garatzeko eta Estatuko unibertsitateetan sendotzeko prozesuan aldaketa nabarmena gertatu dela, unibertsitateko hezkuntzatik praktika profesionalera iragan baita, arlo horretan Europan egindako unibertsitate-erreformek bultzatuta: Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrua (EGMHE) delakoaz ari gara (Bolonia Plana izenaz ere ezaguna). Eragin zituzten eztabaidetan eta protestetan sartu gabe, erreforma horiek ezinbesteko eragina izan dute unibertsitateko gradu berriak sortzeko, diseinatzeko eta ezartzeko 2008tik aurrera. Ildo horretan, 2004an Antropologiako Graduaren Estatuko Batzordea (CEGA) sortu zen, 13 unibertsitateren eta FAAEEren proposamenari jarraikiz. Batzorde horren helburua, hain zuzen ere, Boloniako 1999ko Adierazpenak bultzatutako unibertsitate-erreforma horren esparruan berezko gradua sortzea eta defendatzea izan zen.
Testuinguru horretan, batzordeak “Antropologiako Gradu baten Eskari Potentzialaren Inkesta” (2005) eta “Gizarte eta Kultura Antropologiako Graduaren atariko azterketa” (2005) egin eta argitaratu zituen. Lan horrek Gizarte eta Antropologiako Liburu Zuria eratzeko balio izan zuena27. Ondoren, 2007an, are gehiago sakondu zen profesionalizazioari eta laneratzeari buruzko kontuetan, Antropologiaren Profesionalizazio Batzordea (CPA) sortu baitzen, eta, horren barruan, Lanbide Profilen Azpibatzordea, zeinak “Antropologiako tituludunen lan okupazioari buruzko txostena” argitaratu baitzuen Espainian eta beste herrialde batzuetan. Ibilbidea amaitzeko, gradua 2009/2010 ikasturtean estreinatu zen Estatuko unibertsitate batzuetan, eta prestakuntza eskaintza egokitu egin behar izan zen. Egokitzapen horren emaitza nabarmenetako bat Practicuma sortzea izan zen: praktika profesionalen programa horren helburua ikasleen laneratzea erraztea da, jardun profesionalerako beharrezkoak diren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak garatuz (ik. Bullen eta Urquijo, 2014).
Asmo horiekin bat etorriz, Ankulegik sendotu egin ditu UPV/EHUko Gizarte Antropologiako arloarekin dituen lankidetza harremanak, eta Antropologiako Graduko ikasleek elkartearekin lankidetzan aritzeko eta Practicumaren bidez prestakuntza jasotzeko aukera zabaldu du. Horrela, 2021/2022 ikasturterako lankidetza proposatu da, jarraitzeko asmoarekin, ikasleak zuzenean inplika daitezen elkartearen urteko jardunaldien antolaketan, argitalpen espazio digitalerako edukiaren garapenean eta lan egitera eta ikertzera zuzendutako lankidetza prozesuetan. Ildo horretan, ikasleek interesa erakutsi dute antropologiaren lanbideak euskal lurraldean duen egoerari buruzko diagnostikoa egiteko, bai eta Espainiako Estatuko Antropologia Elkartearen (ASAEE) proposamenekin (berehala arituko gara horiei buruz) bat egiten duen aholkularitza profesionaleko zerbitzu bat egiteko interesa ere.
5. ASAEE ELKARTEAREN ERAKETA ETA ANKULEGIREN ERRONKAK
2017an, Ankulegik Espainiako Estatuko Antropologia Elkartearen (ASAEE) eraketan parte hartu zuen. Espainiako Estatuaren antropologiaren alderdi eta adierazpen desberdinak ordezkatzeko eta koordinatzeko asmoarekin jaiotako erakundea dugu hau. Horrela berritu zen Espainiako Estatuko Antropologia Elkarteen Federazio ohiaren (FAAEE) lana eta egitura, nagusiki lurralde mailako elkarteen inguruan antolatuta egon zena. ASAEEk dituen helburuen artean antropologiaren praktika eta garapena duten Estatuko erakunde guztiak biltzea dago. Beraz, antropologiako lurralde mailako elkarteei ez ezik, kooperatibei, enpresei eta profesional autonomoei, unibertsitate zentroei, ikerketa gunei, sailei, ikerketa taldeei eta nortasun juridikoa duten unibertsitateaz kanpoko erakundeei ere zuzentzen zaie, hala nola museoei edo fundazioei. ASAEEk, era berean, jasotzen du Antropologiako Graduaren Estatuko Batzordeak (CEGA) eta Antropologiaren Profesionalizazio Batzordeak (CPA) diziplinaren aitorpenerako eta sendotze akademiko eta profesionalerako bidean aurrera egiteko egindako ahaleginen lekukoa. Zentzu horretan, ASAEEren oinarrizko egitura, beraz, funtsezko hiru zutabetan oinarritzen da: akademiko-ikertzailea (besteak beste UPV/EHUko sailak parte hartzen duen batzorde akademikoa), profesionala (batzorde profesionala) eta elkarteen gainekoa (elkarteen batzordea); hala ere, antropologiaren arloari lotutako banakako kideei edo horretan interesa dutenei ere irekita dago28.
Honako hauek dira ASAEEk -baita Ankulegi elkarteak ere, haren zati den neurrian- garatzen dituen eginkizun nagusiak: antropologiari ikusgarritasun eta indar handiagoa ematea Estatuan eta diziplinari lotutako gero eta elkarte edo erakunde gehiago sartzea; elkartutako kideen eta Estatuko eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak eta komunikazioa sustatzea gizarte zientzien arloan; kide elkartuen jarduerak bultzatzea eta zabaltzea; haren bazkideen ordezkaritza organoa izatea eta kultura arloko lankidetzarako eta ikerketarako organo antropologikoa izatea; izaera kulturaleko ikerketa eta zientzia antropologikoaren hedapena sustatzea, bai eta erakunde eta organismo publiko eta pribatuekiko lankidetza ere, haien helburuei dagokienez; antropologiaren azterketan, ikerketan, hedapenean, irakaskuntzan eta jardueran dauden arazoak garatzen eta konpontzen laguntzea; eta antropologiaren jardun profesionalean jardunbide egokia zaintzea29.
Gainera, ASAEE elkarteak Estatu mailako antropologia kongresua antolatzen jarraitzeko konpromisoari heldu dio berriro, eta bere batzordeen interesekin eta kezkekin lotutako zenbait lantalde antolatu ditu: ikerketako etikari, arrazakeriari, unibertsitateko irakasleen baldintzei buruzkoak, edo “Kongresuetarako jarduera protokoloa sexu, genero edo sexu orientazioagatiko jazarpenaren eta indarkerien aurka” (2019) egiteko bideratutakoa. Azken dokumentu horretan aktiboki hartu zuen parte une hartan Ankulegiko presidente lanetan zebilen Miren Guillók30.
Batzorde profesionalari dagokionez, Cristina Sánchez Carreterok, ASAEEko egungo presidenteak, azken urteetan egindako lana aurkeztu zuen Ankulegiko jardunaldian (2021), batez ere lanbidearen diagnostikoa egiteko beharra nabarmenduz (Ankulegik modu aktiboan parte hartuko du) eta beste erakunde batzuekiko lankidetzan sakontzeko beharra azpimarratuz. Ankulegik bat egiten du bere helburuetako batzuk partekatzen dituzten eta Euskal Herrian sare profesional baten parte izan daitezkeen beste elkarte, entitate, kooperatiba eta enpresa batzuekiko komunikazioa eta lankidetza zabaltzeko eta sustatzeko proposamenarekin. Alde horretatik, berri ona da ASAAEk antropologiaren jardun profesionalerako kalitate zigilu bat sortzea bultzatu izana.
5.1. Ankulegiren erronkak bere 25. urteurrenean
Pertsona askok osatu dituzte urte hauetan Ankulegiren jarduera dinamizatu duten batzordeak, eta beste askok aktiboki lagundu dute elkartea topaketarako, gogoetarako eta ekintzarako gunea izan dadin. Ez da posible horiek guztiak hemen aipatzea, baina bai espazio komun horretara begira egin dituzten ekarpen guztiak eskertzea. Une honetan, Ankulegiren erronka da eustea antropologiarekiko interesari, elkartzeko nahiari eta bazkideak eta esparru kolektibo honetara batu nahi dutenak motibatzeko moduko gauzak egiteko gogoari. Historian zehar elkarteak bizi izan ditu krisi ezberdinak, arazo ekonomikoak, zailtasunak proiektu editorialean, lanerako espaziorik eza, eta, duela gutxi, pandemia egoerak eragindako mugak. Orain modu berriak bilatzen ari da bazkideen askotariko lanari balioa emateko eta elkarteak orain arte izan duen zentro neuralgikotik (Donostia eta UPV/EHUko Antropologia arloa) haratago dauden eta antropologian interesa duten pertsonak integratzeko. Ildo horretan, elkartearen koordinazioan txanda hartu duen batzordea euskal lurralde desberdinetan bizi diren eta jatorri akademiko eta profesional desberdinak dituzten pertsonek osatzen dute; horrela, elkartearen ekintza eremua zabaldu da.
Aldi berri honetarako elkartearen irudia eta webgunea berritu nahi dira, Ion Fernández de las Heras eta Carlos García Gradosen eskutik, eta argitalpen espazio digital berria ere sartuko da31. Proiektu honek Ankulegi aldizkariak izan duen kalitatea mantentzeko erronkari egiten dio aurre, baina lotura akademikoetatik ateratzeko eta antropologia soziala osatzen duten perspektiba eta lanen aniztasuna erakusten duten askotariko ekarpenak jasotzeko apustua eginez, ikus-entzunezkoen munduari eta mundu digitalari ere sarrera emanez.
Aipatu bezala, Ankulegik beste erakunde eta instituzio batzuekiko harremanak ere sendotu nahi ditu, honako helburu hauekin: ikerkuntzan eta jardueren antolaketan laguntzea, profesionalizazioari arreta berezia jartzea eta ikusaraztea antropologiaren gaitasuna ikerketa zientifikoei ekiteko eta zientzia arloko politika publikoen, partaidetza prozesuen eta proiektuen sustapenean aktiboki parte hartzeko (herritarrena den eta lankidetzan oinarritzen den zientziaren eremuan, hain zuzen). Alde horretatik, uste dugu funtsezkoa dela belaunaldi berriek eta ikasleek Ankulegiren jardunarekiko konpromisoa hartzea eta elkarteaz baliatzea beren interesak garatzeko edo praktika profesionalak egiteko32.
Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu Ankulegi, Euskal Herriko Antropologia Elkartea, antropologiaren ondarea dela Euskal Herrian, eta bidezkoa dela haren ibilbidearen memoria egitea. 2019an elkartearen 25 urteak ospatu nahi izan genituen oroimenezko erakusketa baten eta hainbat kultura jardueraren bidez, pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan baitziren. Hala ere, orduan egiten hasi ginen balantzea testu hau egiteko oinarria izan da, eta 30. urteurrenerako deialdia egiteko balioko digu. Ibilbide labur honetan erakutsi nahi izan dugun bezala, Ankulegik Euskal Herriko antropologiaren modernizazioaren aldeko apustua egin zuen nazioarteko eztabaidekin batera, lankidetza eta adiskidetasun guneak sortu zituen unibertsitate mailan eta aliantzak egin zituen Estatuko beste lurralde batzuetako eragileekin. Gainera, elkarteak borroka egin du lanbidearen defentsan eta ezagutza antropologikoaren, kulturaren eta gizartearen inguruan loturak eta elkarrizketak sortzeko.
Orain dagokiona da elkartearen sorrerako espiritua bizirik mantentzea eta antropologiaren inguruan sozializazio espazioak sustatzen jarraitzea, ikasle, doktore eta profesional berriei sartzeko aukera emango dietenak. Hau da, gure lanak eta interesak partekatzeko eta ezagutarazteko aukerak eskainiko dituzten espazio kritiko eta independenteak, elkarlanean aritzeko eta diziplina garatzeko gida gisa balioko duten arazo garaikideekin konektaturik mantentzeko.
6. BIBLIOGRAFIA
Bullen, Margaret eta Urquijo Arregui, Miren (2014) “Los primeros pasos del Practicum en el grado de Antropología Social de la UPV-EHU”, Periferias, Fronteras y Diálogos, Actas del XIII Congreso de la FAAEE-n argitaratua, Tarragona, 2014ko irailaren 2tik 5era, 5028-5043 orr. 5028-5043.
Díez Mintegui, Carmen (2002) “La profesionalización de la Antropología”, Ankulegi, Gizarte Antropologia Aldizkaria 6: 13-21.
Esteban Galarza, Mari Luz y Hernández García, Jone Miren (koord.) (2016): Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia. Bilbo, Udako Euskal Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea.
Gonzálvez Torralbo, Herminia eta Villa Carmana, Elvira (2006): “Crónica XIII Congreso Internacional de Estudiantes de Antropologia”. AIBR. Revista de Antropología Iberoamericana, 1. lib. 2. zka.: 362-363.
La Voz (1984): “Hay que aprovechar el interés que la Antropología está despertando”, elkarrizketa Teresa del Vallerekin, 1984ko apirilak 27, ostirala.
Montesinos Llinares, Lidia eta Rubio López, Patricia (2021): “Antropología y Profesionalización: Éticas, Retos y Líneas de Futuro”, Éticas y Políticas de las Antropologías. Actas del XV Congreso de Antropología ASAEE-n argitaratua. Madril, 2021ko otsailaren 1etik 3ra, 792-820 orr. 792-820.
Pérez Aldasoro, Pío (2015): “Antropología Social en la enseñanza secundaria del País Vasco: curriculum y experiencias”, Quaderns-e de l’Institut Català d’Antropologia, 20(1): 37-52.
Tomás Cardoso, Rafael (2021): “La profesión de antropólogo en el estado español: construyendoitinerarios profesionales fuera de la academia”, Éticas y Políticas de las Antropologías. Actasdel XV Congreso de Antropología ASAE-n argitaratua, Madril, 2021ko otsailaren 1etik 3ra, 792-820 orr. 821-848.
Zenbait egile (2008): “De la docencia a la investigación: genealogías académicas de Teresa del Valle”, Ankulegi, Gizarte Antropologia Aldizkaria, 12: 115-137.
- Taldekideak: Joxemartín Apalategui, Begoña Aretxaga, Begoña Arregui, Isabel Babace, Mari Carmen Díez, Carmen Larrañaga, Amparo Oiarzabal, Carmen Pérez eta Itziar Zuriarrain. [↩]
- Geroago, Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidenteordea izan zen (2006-2010), eta 2018an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik. Gainera, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademia erakundeko ohorezko kidea da. [↩]
- Del Vallek urtebeteko egonaldia egin zuen Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen Zentroan, irakasle gonbidatu gisa. [↩]
- Ikerketa taldean Begoña Aretxagak eta Txemi Apaolazak hartu zuten parte, eta, ondoren, doktore tesia egin zuten, Del Vallek zuzenduta, Agurainen, Araban (ik. Zenbait egile., 2008). Carmen Diezek ere landa lan horretan lagundu zuen. [↩]
- Antropologia feminista honen ondareak bizirik dirau UPV/EHUn, eta bereziki Antropologia Feministako Ikerketa Taldean (AFIT), Mari Luz Estebanek zuzenduta (ik. Esteban eta Hernández, 2016). Jarraipen-harreman horren erakusgarri da AFITek sustatutako Pioneras / Aitzindariak (Inge Mendioroz, 2020) dokumentala, Teresa del Valle, Dolores Juliano eta Verena Stolckeren testigantzak biltzen dituena, antropologia feministaren hastapenei eta garapenari buruz Espainiako Estatuan. [↩]
- Bai Teresa del Valleren lanean bai haren lankideekin eta lantaldeekin ireki zituen lan ildoetan sakontzeko, Ankulegi Gizarte Antropologia aldizkariaren 12. aldizkaria kontsulta daiteke. “Homenaje a Teresa del Valle” (2008). [↩]
- 1973an Espainiako Antropologoen Lehen Bilera burutu zen Sevillako Unibertsitatean. Hurrengo urtean, bigarren bilera egin zen, Segovian, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak antolatuta. 1977an eta 1981ean, Espainiako I. eta II. Antropologia Kongresuak egin ziren, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia Kulturaleko Sailak eta Madrilgo Antropologia Elkarteak antolatuta (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan), hurrenez hurren. [↩]
- https://faaeeantrapologia.wordpress.com (2021eko uztailaren 4an berrikusia [↩]
- La Voz egunkariak kongresuan gauzatzen ari zen euskal antropologiaren berrikuntzaren berri eman zuen 1984ko apirilaren 26an, “La dimensión sociopolítica de la antropologia vasca” izeneko erreportajean. [↩]
- Eztabaida nagusitu zen batez ere Estatu osoan tronkalekotasun komuna defendatzen zutenen eta errealitate soziopolitiko eta kultural bakoitzerako curriculum egokiagoa diseinatu ahal izateko malgutasun handiagoa defendatzen zutenen artean. Txosten bat idatzi zen karreraren eskaera soziala justifikatzeko eta ikasketak egiten dituzten pertsonei zer ekarriko zien justifikatzeko, bai eta antropologiaren berezitasunak azpimarratuko zituen nortasun propioa eraikitzeko ere. Lizentziaren izena Gizarte Antropologia defendatzen zutenen eta Kultura Antropologiaren aldekoen arteko eztabaida konponezinaren emaitza izan zen (Montesinos eta Rubio, 2021). [↩]
- Donostiako edizioaren ondoren, Antropologiako Ikasleen Nazioarteko Kongresua izena hartu zuen, Portugalekin ere harremanak ezarri baitziren. 2005ean ikasleen XIII. Kongresua egin zen Granadan, eta badirudi azkena izan zela (ik. Gonzalvez eta Villa, 2006). [↩]
- 1995ean, Angel Cagigas eta Carlos Salazarrekin batera, EHUko eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko (USC) Filosofia Ikasleen Topaketaren bultzatzaileak ere izan ziren, FEKITeko kide gisa. [↩]
- Teresa del Valle, Jesús M. Biurrun, Carmen Díez, Mikel Azurmendi, Txemi Apaolaza, Joxemartin Apalategui, Paloma Fernández, Pío Pérez, Ritxar Bacete, Patxi Rodríguez, Carlos Recio, Jone Miren Hernández eta Aitzpea Leizaola. [↩]
- Jardunaldien gaiak eta azkenekoen programak elkartearen webgunean kontsulta daitezke: https://www.ankulegi.org/historial (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Lehiaketaren oinarriak eta aurkeztutako eta saritutako lanak elkarteak sortutako blogean ikus daitezke oraindik: https://ankulegi.wordpress.com (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- https://www.instagram.com/donostilandiastreetarttour (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Digitalizatutako zenbakiak hemen daude ikusgai: https://aldizkaria.ankulegi.org (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Elkarteak beti izan du artxiboa eta mediateka gorde ahal izateko lan gune propioa izateko interesa. Elkarteak bulego bat izan zuen lehenik UPV/EHUn, eta, gero, lokal bat Gazte Elkartegintzarako Baliabideen Zentroan (CRAJ) (2004an, gazte elkarteek egindako kaleko lehen azokarekin elkarlanean), 2012an aipatutako udal lokala lortu arte. [↩]
- Entreprenari programak barne hartzen du BIC GIPUZKOAren eta UPV/EHUren (Gipuzkoako campusa) jarduera esparrua, zeinak teknologia eta ezagutza merkatura transferitzeko prozesuak errazten eta ahalbidetzen baititu, enpresa berritzaileak eta/edo oinarri zientifiko-teknologikokoak eta ezagutza espezifikoko enpresa intentsiboak sortuz. [↩]
- https://www.farapi.com (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- https://www.ankulegi.org/guia-de-recursos-para-personas-inmigradas (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Elkargo profesional bat sortzeko ideia zenbait urtez egon zen presente Ankulegin eta FAAEEn, eta aukera autonomikoak zein estatukoak aztertu ziren. Hainbat saiakera eta azterlan juridikoren ondoren, azkenean bide hori baztertu egin behar izan zen, baina haren egokitasuna indarrean dago oraindik, eta antzeko helburuekin eratu dira lanbide elkarteak. [↩]
- Ankulegiz gain, hauek dira FAAEE osatzen joan diren eta gaur egun ASAEEko Elkarteen Batzordea osatzen duten elkarteak: Asociación Canaria de Antropología (ACA), Asociación Castellano Manchega de Antropología (ACMA), Associació Catalana de Professionals de l’Antropologia (ACPA), Asociación de Antropología de Castilla y León ‘Michael Kenny’ (ACYLMK), Asociación Galega de Antropoloxía Social e Cultural (AGANTRO), Asociación Andaluza de Antropología (ASANA), Asociación Asturiana de Antropología y Patrimonio Etnológico (ASAPE), Asociació Valenciana d’Antropología (AVA), Institut d’Antropologia de les Illes (IAI), Institut Català d’Antropologia (ICA), Instituto Madrileño de Antropología (IMA), Institut Tarragonès d’Antropologia (ITA), Asociación de Antropología de Toledo (ASANTO) eta Institut Tarragonès d’Antropologia (ITA). [↩]
- Espainiako I. Antropologia Kongresua Bartzelonan egin zen (1977), bigarrena Madrilen (1981), eta hirugarrenetik aurrera “antropologia kongresuak” (besterik gabe) izan ziren: Donostian (1984), Alacanten (1987), Granadan (1990), Tenerifen (1993), Zaragozan (1996), Santiago de Compostelan (1999), Bartzelonan (2002), Sevillan (2006), Donostian (2008), Leonen (2011), Alacanten (2014), Valentzian (2017) eta Madril (2021), baina azken kasu honetan -15. edizioa- kongresua online egin behar izan zen COVID-19aren pandemiaren ondorioz. [↩]
- Honako entitate hauen laguntza ekonomikoa jaso zen kongresua egiteko: UPV/EHU, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa, Feder Funtsak, Kutxa eta CSIC. Erakundeen arteko lankidetzaren adibide garbia, beraz. Ankulegik Aitziber Egaña Callejo kontratatu zuen kongresuaren alde administratibo eta kontablea eramateko. Elkarteak bere historian izan duen langile bakarra izan da, nahiz eta batzarretan behin eta berriz aipatu den pertsona bat askatzeko edo kudeatzaile bat kontratatzeko egokitasuna, beti bazkideen ahalegin boluntaristaren eremuan geratzen diren zereginak egiteko. [↩]
- Honako kide hauek osatutako Ankulegiko batzorde batek egin zituen aktak: Iñaki Arrieta, Margaret Bullen, Fabricio Cajas, Nuria Cano, Rosa García, Jone Miren Hernández, Elixabete Imaz, Rocío Ochoa, Adriana Villalón eta Isusko Vivas. Hemen deskarga daitezke: https://www.ankulegi.org/actas-del-xi-congreso-de-antropologia (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- ANECArentzako txosten horretan irtenbide profesional hauek jaso ziren Antropologiako Gradu berrirako: bitartekotza eta aholkularitza (gizarte aniztasuna, generoa eta desberdintasuna, kultura-aniztasuna, migrazioak, giza eskubideak, kultura-artekotasuna, besteak beste); sustapena, kontserbazioa eta kultura kudeaketa (museoak eta ondare kultural eta etnografikoa); tokiko eta komunitateko garapena; aholkularitza ikus-entzunezkoen, zinematografiaren eta argitaletxeen industrian; prestakuntza kultura-aniztasunean; aholkularitza eta giza baliabideetan eta ikerkuntzan (ik. Tomás Cardoso, 2021). [↩]
- https://asaee-antropologia.org (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Ildo horretan, ASAEE elkarteak bultzatu zuen ikerketa antropologikorako lehen orientabide deontologikoen sorrera Espainiako Estatuan. 2014an argitaratu ziren: https://asaee-antropologia.org/asaee/orientaciones-deontologicas (2021eko uztailaren 4an berrikusia) eta gai horretan sakontzeko lantalde bat osatu nahi du. Halaber, “Gizarte zientziak eta COVID-19aren kudeaketa eta ikerketa” agiria bultzatu zuen, ikerketa garaikidean eta, zehazki, osasun larrialdiko egoeran gizarte zientzientzako leku bat eskatzeko. [↩]
- https://asaee-antropologia.org/asaee/protocolo/ (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- https://ankulegi.hypotheses.org/presentacion (2021eko uztailaren 4an berrikusia). [↩]
- Horretarako, elkarteak parte hartzeko deia egingo du eta ikaslearentzako kuota murriztua sustatuko du. [↩]
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Ankulegi (6 de enero de 2022). ANtropologia, KULtura Eta GIzartea: 25 urte. Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 17 de enero de 2025 de https://doi.org/10.58079/b77p