Munduarekin Fabulatu | Hernani ekofeminismotik eta literaturatik zeharkatzen
Ekologia, Feminismo eta Antropologia irakurketa taldea
Esku artean duzun dokumentu hau ekofeminismoaren esanahiak zabaldu eta norberaren zein talde esperientziari lekua uztea du helburu. Tokian tokiko eduki eta hizkuntzekin esanahia osatzeko eta euskal ekofeminismoaren kosmobisioa marrazteko bideak egitea.
Ekimen hau Hernaniko Kale Literatura, Sagarreta Natur taldea eta Ekofem irakurketa taldearen arteko elkarlanetik sortzen da. Batzuen eta besteren arteko harremanetatik Hernaniko herrian zehar 2023ko ekainean ekofeminismoari loturiko testuak ibiltzen ezagutzeko eta hausnartzeko saiakera egin genuen. Zentzu horretan, situzionismoak eta garaikideagoak diren deriben metodologietan oinarritu ginen, eta horrekin hiri-bizitza psikogeografiaren proposamen zabalenaren barruan ikusi eta esperimentatzeko moduei buruzko hausnarketa proposatu. Horrela, eguneroko errutinak sortzen dituen inertzietan preso egon beharrean, emozioei jarraitzea eta hiri-egoera-paisai-egiturei modu berri batean begiratzea planteatzen zen.
Beraz, ariketa egikaritzeko elkarlanetik Hernaniko herriko kokapenak zein eskuartean dituzun testuen aukeraketa egin genituen. Ibilbideko joan etorriak musikaz lotu genituen ere, tokien arteko trantsizio gisa. Testuen itzulpena era autogestionatuan gauzatu genuen. Eta eguna halakoa izan zen: arratsaldeko 17:00etan Hernaniko Leokako labaderoan hasita, bi orduz, geldialdiz geldialdi irakurketak, musika eta gogoetak; Gudarien plazara iritsi ginenean gorputzak beteta, iluntzen ari zuela.
Hernani, 2023ko ekainaren 9an, 19:00etan.
Leokako labaderotik hasita
Playlist
1. GELDIALDIA (eta abiapuntua)
LEOKAKO LABADEROA
1. TESTUA. Staying with the trouble. Donna J. Haraway, 2016.
Itzultzaileak: Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea.
Hainbestekoa da hitz eta arma ederren fantasiaren esklabotzatik kontatua izan den biziaren historia, hitzen gisako lehen arma ederretatik, eta alderantziz. Tresna, arma, hitza: hitz haragitua zeru jainkotiarraren irudi. Aktore erreala duen istorio tragiko batean, munduen-sortzaile erreal, heroia: hau da ehiztari-Gizon-sortzailearen kontaketa, hiltzeko misioan harrapatua dagoen eta altxor izugarria ekarri behar duenarena. Hau da egite hilkor, garratz eta oldarkorraren kontaketa, lurrari lotutako pasibotasun ustel jasangaitza nola itsaskorra geroratzen duena. Ipuin faliko honetan, gainerako guztia atrezzo da, lur-eremu, tramaren edo harrapatuaren leku. Ez dute garrantzirik, haien egitekoa tartean egotea da, gaindituak izatea, bide izatea, ibilgu, baina ez bidaiari, ez egile. Heroiak nekez jakin nahi du dituen arma eta hitz ederrak ezerez direla poltsarik, edukiontzirik, sarerik gabe.
Aitzitik, abenturara abiatzen den inor ez litzateke ausartuko poltsarik gabe etxetik ateratzen. Nola sartu ziren bat-batean ipuin hartan soin-uhala, potea, botila? Nola lortu zuten gauza xume hauek istorioaren jarraikortasuna bermatzea? Eta, akaso, heroiarentzat kalte, zein eratan gauza ahur, barnehustutako, Izakiaren zulook, lehen unetik dituzte kontaera izandunagoak sortzen, nabarmenago, osoago, lekuz-kanpoko, jarrai; ehiztariarentzako leku duten errelatoak, baino ez bere inguruan ari zirenak edo direnak, bere burua eraikitako Gizaki, historiaren makina-gizaki-sortzaile? Ur apur bat besterik ez duen maskor leunak, eskaini eta jasotzeko hazi gutxi batzuk dituenak, elkarrekin-bilakatzea du iradokitzen, elkarreragina; bizi eta hiltzeko jardunaren narrazioa bukatze-soila xede ez duten espezie-kide dira, munduen formekin akitzea helburu ez dutenak. Maskor eta sare bat hartuta, giza-bilakaerak, humus-bilakaerak, lurtar-bilakaerak, bestelako forma hartu du: forma sigi-sagatsua, makurra, elkarrekiko-bilakatua. (…)
“Kontaera hori azkenera heltzen ari dela lirudike tarteka. Akaso ez balego kondaira gehiagorik, olo basati artetik gutako batzuk, ondokoen arto artetik, beste kontaketa bat hastea nahiago genuke, jendeak jarrai dezan zaharra bukatzen denean…”
2. TESTUA. Le féminisme ou la mort. Françoise d’Eaubonne, 1974.
Itzultzaileak: C. Carretero (gaztelaniara); Mirene Begiristain Zubillaga (euskarara).
Arrazoiketa sinplea da. Ia mundu guztiak daki gaur egun desagertzeko mehatxu hurbilenak gainpopulazioa eta baliabideen suntsipena direla; pixka bat gutxiago ezagutzen dute bi arrisku horietan Sistema-maskulinoaren erantzukizuna, maskulinoa den aldetik (eta ez kapitalista edo sozialista); baina oso gutxik aurkitu dute bi mehatxuetako bakoitza duela berrogeita hamar mende gizonei boterea eman zieten bi aurkikuntza paraleloetako baten emaitza logikoa dela: bai lurra eta bai emakumeak intseminatzeko duten gaitasuna eta euren parte hartzea ugalketa-ekintzan.
Ordura arte, emakumeek bakarrik zuten nekazaritzaren monopolioa, eta gizonek uste zuten jainkoek uzten zituztela haurdun. Nekazari eta sortzaile gisa zituzten aukera dualak aurkitu zituztenetik, Lederer-ek bere aldeko “inbertsio handia” deitzen duena ezarri zuten. Behin Lurra hartuta, beraz, ugalkortasuna (gero industria), eta emakumeen umetokia (beraz, ugalkortasuna), logikoa zen bien gehiegizko ustiapenak arrisku bikoitz mehatxatzaile eta paralelo honetara eramatea: gainpopulazioa, gehiegizko jaiotzak eta gehiegizko produktuengatik ingurumena suntsitzea.
Beraz, gaur egungo mundua salba dezakeen mutazio bakarra botere maskulinoaren “inbertsio handia” da, nekazaritza gehiegizko ustiapenaren ondoren industriaren hedapen hilgarria dakarrena. Ez da “matriarkatua”, noski, edo “emakumeen boterea”; emakumeen eskutik boterea suntsitzea baizik. Eta, azkenik, tunelaren amaiera: munduaren berdintasunezko kudeaketa, birsortzeko (eta ez hainbeste “babesteko”, oraindik ere lehen olatuko ingurumen-zale atseginek uste duten bezala).
Feminismoa edo heriotza.
3. TESTUA. La muerte de la naturaleza. Carolyn Merchant, 1980.
Itzultzaileak: Ainhoa Gutiérrez del Pozo, Marta Barba Gassó eta Mirene Begiristain Zubillaga.
Hitzaurrea. Atzera begirakoa. 2020.
Arroilako pareta eskarlata, okre eta kobreetan zehar luzatzen ziren itzalak. Eguzkiak, sartu ahala, tontor zizelkatuak estaltzen zituen, eta koloreen mugimenduak milioika kareharrizko xafla higatuak ukitu, horrela. (…) Paisaia hunkigarria zen; koloreak, zoragarriak; harriak, kartsu eta biziak. 1975eko uda zen Bryceko Arroilan, Utahn. Hirurok esploratzen genuen mendebalde amerikarreko lur arroilatsua. Parke nazionaleko kanpinean afaldu ondoren, mutilak loak hartu zituen, akituak ziren. Ni itzarrik nengoen, arroka bizidunen ironian pentsatzen. Zientziaren arabera hilik zeuden, geldirik. Gizakien historiaren zati handi batean, ordea, arroka berberak bizirik egonak ziren, hazi eta erreproduzitu izan ziren landare edo animalien antzera. Orduan argitu zitzaidan hainbeste urtez lantzen aritu nintzen liburuaren izenburua. Naturaren heriotza bataiatua izan zen. (…)
Hitzaurrea. 1990.
Naturaren heriotzaren lehen edizioaz geroztik, bertan jorratutako gaiak berretsi egin dira. Krisi ekologikoak planeta guztiari egiten dio mehatxu, 70eko hamarkadako ingurumen-krisiaz haratago (…). Gizaki eta lurraren arteko aliantza berria premiazkoa da.
Natura eta emakume kontzeptuak eraikuntza historiko eta sozialak dira. Ez da ezaugarri higiezin “esentzialik” ez sexu, genero edo naturari dagokionik. (…)
XVI. eta XVII. mendeen artean, mundu mekanizista baten ikuspegiak ordezkatu zuen lur bizi eta femeninoa zuen kosmos organikoaren irudia; natura hil eta pasibo gisa berreraiki zen, gizakien menpean eta kontrolpean. Naturaren heriotza arduratzen da erabateko transformazio hori bideratu zuten aldaketa ekonomiko, kultural eta zientifikoez. Iraultza Zientifikoan naturaren kontzeptualizazioa nolakoa zen ulertzen saiatzen naiz; ez dut esentzia aldaezinen inguruan hausnartzen, aldaketa sozialaren eta naturaren eraikuntzen arteko loturetan baizik.
4. TESTUA. Toma de Tierra I. Yayo Herrero, 2023.
Itzultzaileak: Mirene Begiristain Zubillaga.
Eta aurrerapena deitu duguna lurretik eta gorputzetatik pertsonen aireratze fiktizioa besterik izan ez balitz? Eta aurrerapenaz egin dugun kontzeptualizazioa, lurretik eta haren mugetatik, gorputzetatik eta bere zahurgarritasunetatik arroztuta bizi gintezkeenaren ilusioa baino izango ez balitz? (…)
Ekofeminismoa mugimendu sozial bat da, eta, aldi berean, pentsamendu-korronte bat, batez ere mugimendu feministaren eta mugimendu ekologistaren arteko elkarrizketan oinarritzen dena. Berriz diot, elkarrizketa-kontu bat da; izan ere, garrantzitsua baita ulertzea harreman hori berdintasunezkoa dela, non bi mugimenduetako batek ezin du bestea ulertu edo ordeztu. Funtsean planteatzen duena da, edo zentzua ematen diona da: naturaren degradazioaren eta prozesu naturalen suntsipenaren kausak aztertzen ditugunean, eta arakatzen dugunean ere emakumeen mendekotasunaren eta patriarkatuaren iraunkortasunaren atzean ezkutatzen diren kausa batzuetan, logika komun dezente aurkitzen dira. Era berean, planetaren eta naturaren muga fisikoetara egokitutako mundu bat nola eraiki planteatzen dugunean, aldi berean pertsonen bizitza eta ongizatea zaintzea lehentasunezkotzat kokatuz – feminismoaren funtsezko kezketako bat –, proposamenak nahiko sinergikoak direla ere ikusten dugu. (…) Ekofeminismoak aukera ematen digu, nolabait esateko, geure burua espezie gisa hobeto ulertzeko eta gizakiak naturarekin eta gainerako gizakiekin dituen harremanei garrantzi material, politiko eta sinbolikoa emateko. Hori baita giza izaerari eutsi ahal izateko oinarria. (…)
Kapitalismotik kanpo bageunde bezala begiratzen ikasi behar dugu, dinamika desberdinak irudikatzeko gai izateko. Eta kanpoan bageunde bezala diot; barruan gaudelako, jakina. Errebeldia eta desobedientzia ariketa bat da; biziraupen hutsagatik.
2. GELDIALDIA
KARABELEKO
Erreka eta industriaguneak batera ikusten dira.
OHARRA. Geldialdi honetan testu bakarra irakurriko da, 4 zatitan banatuta. Ideia da 4 pertsona ezberdinek irakurtzea, baina irakurraldia jarraian egitea. Segidan testua, 4 zatitan banatuta dago jada.
5. TESTUA. Jolas bat baino ez dunk (1. zatia). Lucia Baskaran, 2021.
Itzultzailea: Danele Sarriugarte.
Zuhaitz ez zen inoiz nekatzen Farahren istorioekin, eta Farahk gogotik kontatzen zizkion. Haurrari zaila suertatzen zitzaion zenbait ideia ulertzea, baina gustuko zuen
Farahren hitz antzinakoen sonoritatea, eta oharrak idazten zituen hura mintzatu bitartean. Farah hizketan hasi bezain pronto, lasterka inguratu zitzaizkion beste haurrak, haren kontamoldea gustatzen zitzaielako, eta isil-isilik egoten ziren zaharrak hitz egin bitartean.
—Lasterketak gustatzen al zaizkizue? –galdetu zien Farahk.
—BAI! –oihukatu zuten haurrek, aho batez.
—Imajinatu guzti-guztia korrika egin behar bazenute.
—Bai dibertigarria! –deiadar egin zuen Zuhaitzek, eta beste haurrek barre egitea eragin zuen. Irri egin zuen Farahk ere.
—Itxura ona du, ezta? Zergatik ez duzue aproba egiten? Hona nire desafioa: egin itzazue biharko zeregin guztiak korrika; ez bakarrik Susi egokitutako eginbeharrak, baita premiak eta jolasak ere. Zer iruditzen?
–Txaloka hasi ziren haurrak, pozarren, eta batzuk ez ziren gai izan kuluxka egiteko ere, aztoramenduaren aztoramenduaz.
6. TESTUA. Jolas bat baino ez dunk (2. zatia). Lucia Baskaran, 2021.
Itzultzailea: Danele Sarriugarte.
Farahk azkar-azkar antolatu zituen taldeak: irakurtzen zekien pertsona bat behintzat sartu behar zen multzo bakoitzean, eta zazpi urtetik beherako haurrek ez zuten parte hartuko.
7. TESTUA. Jolas bat baino ez dunk (3. zatia). Lucia Baskaran, 2021.
Itzultzailea: Danele Sarriugarte.
Farahk abisu ematearekin batera, negutegiko bulegorantz abiatu ziren haur guztiak, arrapataka. Iskanbila galanta sortu zuten: gehiegi ziren gela hartan eroso sartzeko; beraz, Zuhaitzek hartu zuen agintea.
—Ez dago hainbeste jenderen beharrik eskariak inprimatzeko. Itxaron kanpoan, berehala aterako naiz. –Negutegitik irten ziren haurrak, urduri. Korrika egin behar al zuten, Zuhaitz ateratzeko zain zeuden bitartean? Kirmenek uste zuen baietz, baina Uxoak esan zuen ez zegoela premiarik, bost minutu eskas izango zirela: zereginak korrika egiteko esan zien Farahk, baina itxaronaldiak ez ziren horren barruan sartzen.
Mintzatu ahala, bere buruan antolatu zituen zereginak, haiek ahalik azkarren egiteko eran, eta denak lasterka ibil zitezela eta bulegoan bezalako zalaparta sor zezatela eragozteko.
—Eskari-orriak banatuko ditu Zuhaitzek; bien bitartean, otarren bila joango dira gaztetxoenak, eta Kirmenek eta biok dataren arabera sailkatuko ditugu eskariak. Ondoren, talde bakoitza nahi bezala antolatuko da saskiak betetzeko. Konforme? –Lurralde osoa barazkiz hornitzen zuen Kiribilek, eta, astelehenetako zereginen artean, besteak beste, eskariak otarretan banatzen zituzten, ondoren bidaltzeko.
Horren truke, gainerako komunitateek –mila biztanletik beherakoak ziren gehienak– hainbat zerbitzu eskaintzen zituzten: Matzurretan, adibidez, erregai ekologikoa sortzen zuten; Toletxeko biztanleak, berriz, ehungintzaren arloan ziharduten, Errioxekoek, mahasti-zaintzan, eta abar. Komunitate bakoitzak zeregin berezitu bat izan arren, guztietan zeuden irakasleak, sendagileak, iturginak, arotzak eta antzekoak. Herrien arteko transakzioetarako truke-sistema bat erabiltzen zuten, urteen poderioz hobetua, eta haren bitartez ziurtatzen zuten inork ez zuela ezeren faltarik.
Lurrak ematen zuena biltzen zuten kiribildarrek, behar baino gehiago ustiatu gabe eta naturaren erritmoak errespetatuz. Egun hartan, uraza, patata, azenarioa eta erremolatxa sartuko zituzten saskietan, hau da, urte osoan landatu zitezkeen barazkiak, bai eta uda-garaiko batzuk ere: tomatea, alberjinia, piperra, luzokerra eta babarruna.
8. TESTUA. Jolas bat baino ez dunk (4. zatia). Lucia Baskaran, 2021.
Itzultzailea: Danele Sarriugarte.
—Zereginak ahalik eta azkarren egin behar baditianagu, hobe dianagu neuk esan bezala egitea. –Kirmenen jarrerak harri eta zur utzi zituen denak; haur burugogorra izan arren, ez zuen inoiz erakutsi halako zorrozkeriarik.
—Erabakiak bizkorrago hartu behar ditianagu –sartu zen Mare–. Denbora gehiegi pasatu dianagu eztabaidan.
—Ados nagonk –baieztatu zuen Kirmenek.
Zuhaitzek ez zuen oso argi ikusten zer esan nahi ote zuen «denbora gehiegi» esamoldeak. Normalean, presarik gabe egiten zituzten egin beharrekoak, guztien erritmoak aintzat hartuz, baina onartu beharra zuen Marek eta Kirmenek arrazoia zeukatela.
—Ongi, egun bat baino ez dunk –esan zuen Zuhaitzek, Uxoari begira, zeina besoak hazta eginda baitzegoen, Mareri eta Kirmeni so, zer esan jakin gabe–. Egin dezagun Kirmenek esan bezala, eta gero gerokoak.
—Eta ez al da hobe dena oraintxe bertan planifikatzea? Horrela ez dianagu denborarik galduko –esan zuen Kirmenek.
—Astuna haiz, gero, «denbora galtzearen» kontu horrekin! –erantzun zuen Uxoak–. Denbora ez da sekula galtzen! Nondik atera dunk esamolde hori?
—Farahk erakutsi zidaanan. –Harro zegoen Kirmen, besteek ez zekiten zerbait bazekielako. Zuhaitzek ere bazekien zer esan nahi zuen «denbora galtzeak», baina ez zuen txintik esan, sua ez xaxatzeko.
—Tira, hobe dianagu behingoz hastea, ez dezagun denborarik gal…–ekin zion Zuhaitzek. Uxoa marmarka hasi zen esaldia amaitu aurretik–. Ez dianagu berandutu nahi; asko zagonk egiteko.
3. GELDIALDIA
KARABEL AUZORA DOAN ZUBIA
9. TESTUA. Derecho humano al agua. Nazio Batuak, 2010.
Itzultzailea: Mirene Begiristain Zubillaga.
2010eko uztailaren 28an, 64/292 Ebazpenaren bidez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak esplizituki onartu zuen ura eta saneamendua izateko giza eskubidea, eta berretsi zuen edateko ur garbia eta saneamendua funtsezkoak direla giza eskubide guztiak gauzatzeko. Ebazpenak estatuei eta nazioarteko erakundeei eskatzen die: finantza-baliabideak ematea, herrialdeei, eta bereziki garapen bidean dauden herrialdeei, teknologiaren trebakuntza eta transferentzia erraztea, edateko uraren eta saneamenduaren hornidura osasungarria, garbia, irisgarria eta guztientzako eskuragarria ematea.
2002ko azaroan, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak 15. ohar orokorra eman zuen ura izateko eskubideari buruz. I.1 artikuluak dioenez, “Ura izateko giza eskubidea ezinbestekoa da giza bizitza duina izateko”. 15. oharrak, halaber, honela definitzen du ura izateko eskubidea: bakoitzak ur nahikoa, osasungarria, onargarria, fisikoki irisgarria eta etxean erabiltzeko modukoa izateko duen eskubidea.
10. TESTUA. 2023/05/22: Urumea ertzean 2023ko maiatzak 20-21 asteburuan entzundako esaldiekin osatutako puzzle posible bat.
Ura ez dugu faltan egun hauetan
lehorte garaian gauden arren.
Baina urak ura eraman digu (etxetik).
Urak beti bere bidea egiten du
Baratzea prest zuenak, jai.
Lurra eraman digu urak,
berarekin, guztiz sustraitu gabe zeuden landareak.
Harriak utzi dizkigu lurraren partez.
Urak beti bere bidea egiten du.
Urak beti bere bidea egiten du,
diogu,
baina guk nahi dugun bideetatik pasatzera bortxatzen dugu.
Gasoila erre eta erre ibili dira Chiviteren makinaria astuna,
Nafarroan AHTaren zati bat adjudikatuta duen enpresaren makinak,
asteburuetan guardian dauden langile antza nekaezinak.
Bidetik lurra kentzen.
Egin zaion bidera ura itzularazi nahian.
Gu, eskertuak.
“Gasoila bukatzean, nola egingo dugu holakoetan?” galdera formulatu dut.
Eta, lagunak, gordin, erantzun: “ez dugu errepide beharrik izango, gasolinik gabe”.
Inozoak beti gu, fabulazio ingenuo-apokaliptikoetara jolastera ausartzen gara oraindik,
etorkizunean kokatzen baitugu kaosa. Oraindik.
Baina, egungoa, ez al da kaos horren seinale txiki bat baino zerbait gehiago jada?
Ondoegi bizi gara, baina, oraindik,
eta ondoegi bizi garen bitartean… gasolina eskatzen jarraituko dugu.
Bideak izateko,
eta urari bideak irekitzeko.
Barkatu, ixteko.
11. TESTUA. Amphibious Worlds: Environments, Infrastructures, Ontologies. Casper Bruun Jensen, 2017.
Itzultzailea: Ainhoa Gutiérrez del Pozo
Egun, urari lotutako hondamendien areagotze bat gertatzen ari da munduan. Horren erakusle dira uholdeak, hondoratzeak eragindako higadura, lehorteak eta kutsadura. Hauetako askok beste arazo batzuk islatzen dituzte, hala nola: uraren mundu mailako zirkulazioa, itsas mailaren igoera, meteorologia-ereduen bilakaera, eta honenbestez, klima aldaketa. Izatez, uraren bitartez jasotzen da askotan aldaketa klimatikoaren mezua. (…) Kosta ingeniaritzak eta urari lotutako proiektuak “teknika lurtarren bidez” kudeatu ohi izan dira. Uraren ezabatzean eta kontrolean oinarritu izan direnez, irtenbide horiek leku gutxi uzten diote ibai edo uharteetako edo deltetako praktika edo bizimoduari (…).
Lurkaritzaren gorakadak zenbait mende bete dituenean, anfibiotasuna berpizten hasi da. Munduko toki askotan, ura lurrera itzultzeko imintziotan ari da, kostako zonaldeak modu erdi-iraunkorrean murgilduta edo errepikatzen diren uholdeak ekarrita. Honek ageriko uzten du lurretik egiten diren erantzunen ezintasuna. Egoera horri erantzuteko asmoz, hirigile, ingeniari eta arkitektoek azpiegitura eta eredu berriak sortzen dituzte, berriz ere anfibioak diren inguruneetara molda daitezkeenak, edo lehen aldiz anfibioak diren inguruneetara molda daitezkeenak. Bitartean, burokratek, zientzialariek, teknologia-berritzaileek eta mundu osoko ur-inguruneetako biztanleek gero eta egoera anfibioagoetara egokitzeko moduak aurkitzen dituzte. (…) Horrela erakusten dute herrixka flotagarrietan edo piloteen gaineko etxeetan bizi direnek, ura garraiobide nagusi gisa erabiltzen dutenek edo landaketa uretan bertan egiten dutenek. (…)
Naturari ordena sozial bat ezartzea baino gehiago, anbizioa da ibaiek “lekua” izango duten ordena desberdinak eraikitzea.
12. TESTUA. Cuerpos en el entorno: Reflexiones para una etnografía de las percepciones ambientales. Esteban Ruiz-Ballesteros eta José María Valcuende del Río, 2019.
Itzultzailea: Izar Alguero.
Bizitzeko aukeratu genuen tokia San Martin kokalekua izan zen, Amazoniako Puerto Maldonado hirian, Madre de Dios (Peru) eskualdeko hiriburuan. Bertan etxe bat mantentzen dugu 2010az geroztik. Auzoa amildegi baten ondoan dago, eta bertatik ikusten da hiria besarkatzen duten ibaietako bat, Tambopata.
Auzo txiki honetara iritsi ginenean, ibaiaren bista apartak txunditu gintuen eta faktore hori funtsezkoa izan zen gure etxea eraikitzeko eremua aukeratzeko orduan. Hala ere, bazen zerbait harritu gintuena: inguruko etxeak ibaiari bizkarra emanda zeuden; kalera begira, bizitza soziala egiten zen lekura eta etxeko espazioa eta bizilagunekin partekatzen zen espazioa konektatzen zuen lekura.
Beste etxeak ez bezala, «espainolen» etxea, gela guzti-guztietatik ibaia begiratu ahal izateko helbururarekin eraiki zen. Guretzat erakargarri zena — ibaiko bistak — eremu honetako biztanle gehienentzat bigarren mailakoa zen, edo are gehiago, negatiboa; baina zergatik? (…) Etnografook — agian turisten antzera — errealitatea behatzen dugu, hasiera batean «kanpotik». Puerto Maldonadon, gure ikusmen-pertzepzioa ibaira bideratzen zen sistematikoki, baita gure arreta ere, arrazoi estetikoengatik, batez ere: gure begiradaren izaera, funtsean, kontenplaziozkoa zen. Gure gorputzaren orientazioa — zeinarentzat ibaiak polo magnetiko moduko bat egiten zuen — etxearen kokapenera eta orientaziora estrapolatu zen.
Jakina, gure bizilagunek ere ibaia ikus zezaketen, baina, batez ere, ikuspegi inguratzaile batetik (Ingold, 2000). Tambopata ez da arrotza haientzat, ez exotikoa, ezta urrutikoa ere, noski: haien mundua da. Guretzat erreferente bisuala da; gure bizilagunentzat, batez ere, eguneroko zereginekin lotutako bitartekoa (joan-etorriak, merkataritza…). Beraientzat, ibaia ez da errealitate bisuala bakarrik; harreman horretan beste zentzumenek ere parte hartzen dute: bertan murgiltzen dira, bertan bizi dira, bizitzen dute… Ibaiarekin harremantzeko duten moduak distantzia zuhurra islatzen du, etxebizitzen orientazioan agerian geratzen dena, baina baita bukolikoa edo exotikoa ez den hurbiltasuna ere, gorputzeko sentsazio desberdinetan ageri dena: beroa, hotza, hezetasuna, aldaketa garaiak, ezerosotasunak, berariazko soinuak, alerta-jarrerak edo lasaitzeak…
Ibaia, umetatik haien gurputzak moldatzen dituen elementu bihurtzen da.
4. GELDIALDIA
GOIZ-EGUZKI
Jubilatuen etxea. Adarra ikusten da.
13. TESTUA. Braiding Sweetgrass. Robin Wall Kimmerer, 2021.
Itzultzailea: Mirene Begiristain Zubillaga.
Ohorezko uzta
Ezagutu zaintzen zaituztenen ohiturak eta beharrak, zuk eurak zaindu ahal izateko.
Aurkeztu zeure burua. Bizitzaren bila datorrena bezala ezagutu zaitzatela.
Eskatu baimena ezer hartu aurretik. Onartu erantzuna.
Ez eraman inoiz lehena. Ez eraman inoiz azkena.
Hartu behar duzuna bakarrik.
Har ezazu eskaintzen zaizuna soilik
Inoiz ez hartu erdia baino gehiago. Utzi zerbait besteentzat.
Uztan ahalik eta kalte txikiena eragin.
Erabili modu arduratsuan. Inoiz ez alferrik galdu hartu duzuna.
Partekatu.
Eskerrak eman eman zaizunagatik.
Egin opari bat hartu duzunarekin bat etortzeko.
Eutsi eusten zaituzten hoiei, eta lurrak beti iraungo du.
14. TESTUA. Finding the Mother Tree. Suzanne Simard, 2021.
Itzultzailea: Montserrat Asensio Fernandez (gaztelaniara); Mirene Begiristain Zubillaga (euskarara).
Mamuak Basoan
Basoa goibela zen, eta isiltasun ikaragarriak inguratzen zuen. Gainera, ni nengoen lekutik, mamuz betea zegoela ematen zuen. Haietako bat nigana zihoan zuzenean, flotatzen. Ahoa zabaldu nuen oihu egiteko, baina ezin izan nuen soinurik atera. Bihotzak eztarria trabatzen zidan, eta ni zentzuna berreskuratzen ahalegintzen nintzen. Orduan, bat-batean, algaraka hasi nintzen.
Mamua laino lodia besterik ez zen, zuhaitzen artean aurrera egin eta hatz zorrotzez besarkatzen zituena. Ez zegoen agerpen etereorik, nire industriaren egur sendoa besterik ez. Zuhaitzak “zuhaitzak bakarrik” ziren. Hala ere, beti sentitu izan dut Kanadako basoak sorginduta daudela eta espirituen bizilekua direla; batez ere nire arbasoenak, lurra defendatu edo konkistatu zutenak, zuhaitzak moztu, erre eta landatzera etorri zirenak.
Basoak dena gogoratuko balu bezala da. Gure irainak ahaztea nahiko genukeenean ere. (…)
Adar artean jaio nintzen. Adar artetik nator.
Ez dakit zuhaitzek nire odola daramaten edo odolean zuhaitzak daramatzana ni naizen, baina orduan banekien jakin behar nuela zergatik ari ziren plantinak gorpu bihurtzen.
15. TESTUA. Andrezaharraren manifestua. Mari Luz Esteban, 2019.
aro baten hasiera
orduan hasi, ahulduta ere hortxe diraute
bizirik nagoela gogoraraziz
itzartu egin naiz, nire baitako turbina
piztu baino segundu pare bat lehenago
ezer ez igarriagatik ziur naiz
badator, hazten ari da
entzun ezin daitekeen
soinua ere aditzeko gai naiz
bularraren erdigunetik gora
zabalduz doa
segundo batzuk
minutu batera iritsi gabe
oheko arropa diagonalean tolestu
urteetan perfekzionaturiko koreografia
ez da mingarria
atsegina ere ez
zortzi bederatzi urte geroago
erabat ohituta egongo naiz
leundu egingo dira
trazu fineko pintzelkaden
antzera marraztuko dute nire loaldia
badatoz eta badoaz
noiz edo noiz
zelulak dantzan jarri ohi dira neure baitan
bizitzan gorroto ohi dudan deskontrola, tarteka sikiera,
mustatzeko dohaintza
16. TESTUA. Mercados reproductivos. Crisis, deseo y desigualdad. Sara Lafuente Funes, 2021.
Itzultzailea: Garazi Zabaleta eta Marta Barba.
Bizitza sostengatzeko desio kolektiborako azpiegiturak
Encinas herrian, 2078.
Hiria hemendik beti gelditu zaigu hain urrun, non barrualdeen eta kanpoaldeen istorioek, erresistentzienek eta erasoenek, iruditegi harrapaezina osatzen zuten, benetazkoa izanagatik ere urrutikoa, gure mugak eta errealitateak definitzera inoiz iritsi ez zena, eta gaur, azkenean, atzean geratu dena. (…)
Raquek haritz aldera begiratzen du. Laurak bertan zintzilikatu zuen lehen kolunpioa,Mahtab haurtxoari ongietorria emateko. Gero gehiago iritsi ziren, noski, eta orain kumaldi berri bat baserriko putzuan bainatzen ari da. Euren barreak sarrerako kartelen berniza errepasatzen ari den atariraino ailegatzen dira.
Barreak entzunda, izena eman zion amonaren istorioak etortzen zaizkio gogora. Joan den mendearen amaieran jaio zen, latza da! Mila bederatziehun eta laurogeita hamarrean, edo. Hari buruz dakien guztiak fantasia itxura du. Aita eta ama bakarra izan zituen, eta ahizpa bakarrarekin baterahemen, herri hauetan, birpopulazioaren hirugarren olatuaren parte izan ziren. (…)
Orduan hasi ziren, ia joko bat balitz bezala, ordura arte erosotzat hartu izan zuten guztia eranzten; erosotzat zutena, baina zama eta bazterketa ere bazena. Hasieran ia denbora osoan ordenagailuekin lan egiten zuten, beste leku, denbora eta erritmo batzuetara konektatuta; baina, Candela laster hasi zen zura lantzeko tokiko moduak berreskuratzen, eta berarekin zekarrena eta ikusten zuena lotzeko moduak aurkitzen joan zen. (…)
Putzuan dauden haurrak gauzak jasotzen ari dira, eta jantokira doaz. Han, herriko pertsona zaharrenekin batera bazkalduko dute. Raquek nostalgia puntu batez begiratzen die: txikitan amonekin egunero partekatzen zituzten istorioen errituala faltan sumatzen du. Gaur, hamalau urteko gelari dagokio janariaz arduratzea eta badirudi Isi eta Maria, gaurko arduradunak, eraikinetik irteten ari direla; beraz, dena prest dagoela dirudi. Hori pentsatzean, gosea sartu zaio Raqueri ere, eta bernizatua gaurkoz utzi eta kantinara joango da Alex eta Carlosekin zerbait pikatzera.
Prest dauden zurak bere lekuan jarri ditu, eta pentsatu du bertan dauden zenbat izen errepikatzen diren egun lur hauei bizia ematen dietenen artean: Elena, Marta, María, Adri, Gina… Faltan dituen istorioez galdetu beharra dio bere amakietako bati (a una de sus maternas), eta desagertu baino lehen horiek idatzi. Genealogia egiteko lan garrantzitsuaren arduraduna izan dadin proposatu dute, eta horregatik zaintzen ditu oroimenaren kartelak: ez du xehetasun bat bera eregaldu nahi. Txikitatik istorioen arteko puntuak elkartzea bere grina da; ekonomika parean aulki batean eserita amona Raqueren istorioak entzutera ohitu zen: kizkur urdinduak begi gainean, samurki sukaldera egurra botatzen zuen bitartean, eta Adrianak, irribarretsu, pasarte bakoitzari punta ateratzen zion.
Guztiaren berri eman nahi du, oroimena erraztu. Azken finean, zeuden guztiei eta orduan etorri zirenei esker, zeruertza zabal mantendu zen hemen: lehendik jakina zena ez zen galdu eta babesalekua sortzea lortu zuten. Babeslekua, hori zen ateratzen ez zitzaion hitza. Beharbada, izen hori jarriko dio inoiz, bere istorioa kontatzeko, idatziko duen liburuari.
5. GELDIALDIA (eta amaiera)
GUDARI PLAZA
17. TESTUA. Mercados reproductivos. Crisis, deseo y desigualdad. Sara Lafuente Funes, 2021.
Itzultzaileak: Garazi Eizagirre eta Marta Barba.
Birpentsatzen dugu, komunitateak erresistentzian X. Jardunaldiak
Madrilen, 2048an
In vitro ernaldutako lehen haurraren jaiotzaren hirurogeita hamargarren urteurrenean, erresistentzia-komunitateak elkartu gara, gizarteek beren ekoizpen- eta ugalketa-gorputzetan txertatu dituzten aldaketen balantzea egiteko. Geure buruari galdetzen diogu: Zer-nolako gorputzak eraiki ditugu erresistentzietatik? Zer-nolako desirak? Zer-nolako bizitzak? Zer-nolako ahaidetasunak? Tribuak osatzen ditugu, loturak berrasmatzen ditugu. Erresistentziak ugaritu egin dira, baina ez dute gainditzen salbuespen izaera. Iritsi ez zen crac baten zain geunden. Edo ez zen iritsi behintzat pentsatu bezala. Integrazioak eta bizi-baldintzek okerrera egitea onartu izanak lausotu egin zuen kolpearen, hausturaren eta aldaketaren pertzepzioa.
Mendearen hasieratik bioekonomien garapenak ekarritako norbanakoaren hautatzeko askatasunaren faltsukerian erori gabe, gai izan gara tresna bioteknologikoak eta biomedikoak sortzeko eta txertatzeko, eztabaida irekiaren bidez eta kapitalizazio biologikoko talde farmazeutiko handiei egindako hackeoaren bidez. (…) Dagoeneko normalizatuta dago beren gorputzak beste familia batzuk sortzeko lehenetsiz klase pobretuen ugalketa-eskubidea murriztea. Horri aurre egiteko eredu hauek proposatzen ditugu: jasangarriak, norabide anitzekoak, partekatuak, eta ez soilik haurtzaroan eta gizakiongan zentratuak. (…)
[Gure] komunitateak hazi egiten dira gorputzen ekoizpen-sistemarako dagoeneko balio ez dutenen etorrerarekin: gestante ahituak, entsegu klinikoetan gorputzak eraldatu, eta horren ondorioz eguneroko martxa jarraitu ezin duten pertsonak. Eta horiengana gehiago batzen dira: barreneko erritmo frenetikotik balazta zapaltzeko, pentsatzeko, mugak eta interdependentziak onartzeko beharra sentitzen dutenak eta topatzen gaituztenak. Baina, non gaude? Nola iristen dira gurera? Haurrak hazteko desiraren pribatizazioaren aurrean, komunitateak proposatu genituen; gametoen, gorputzen eta prozesuen merkatu neoliberalaren aurrean, elkarrekin nahasteko logikatik jarduten dugu, aise sortzen diren harremanen logikatik, eta bizitza ona zentroan jarririk, ekoizpen/ugalketa dikotomia lehertarazteko logikatik. Biomedikuntza birpentsatzen eta berreraikitzen dugu parametro hacktibistetatik, desio anitzetatik eta guztiok sartuko garen espazioak sortu asmoz mugak ezartzeko beharretik abiatuta. Bikote + seme-alabak osatutako familia-eredu pribatizatua eta horrek dakartzan kapitalen jarraipena (ekonomikoa, soziala, kulturala) lehertarazten ahalegintzen ari gara, horretan jarraitzen dugu.
Zer gorputz, zer bizitza, zer komunitate nahi ditugu? Zeintzuk ditugu? Zeintzuk amesten ditugu?
Zer familia, zer ugalketa, zer kidetasun?
18. TESTUA. Oihan hitzean mundua. Ursula K. Le Guin, 1972.
Itzultzailea: Amaia Apalauza.
Gau hartan ez zen kanturik izan. Garrasiak eta isiltasuna besterik ez. Ontzi hegalariak erre bitartean, Selver pozez zoratzen egon zen, begiak malkoz beterik, baina hitzik gabe geratu zen. Isil-isilik aldendu zen, su-jaurtigailua besoetan astun zitzaiola, bere taldea hirira itzularazteko asmoz.
Mendebaldeko eta iparraldeko taldeetako bakoitza Selverren gisako esklabu ohi batek gidatzen zuen, zeren eta, Centralvillen yizakien zerbitzari izanak zirenez, ongi ezagutzen baitzituzten hiriko eraikin eta bideak.
Gau hartan erasora jo zuten gehienek inoiz ikusi gabea zuten yizakien hiria; are, askok inoiz ikusi gabea zuten yizaki bat. Selverri segika abiatuak ziren, amets txarrak bultzaturik, eta Selverrek bakarrik irakuts ziezaiekeen hura mendean hartzen.
Ehunka eta ehunka ziren, gizonak eta emakumeak; zain geratu ziren hiriaren kanpoaldean, iluntasun euritsuaren erdian, isiltasun betean, eta, bien bitartean, esklabo oihek, binaka edo hirunaka, lehentasuntzat hartuak zituzten zer haiek egin zituzten: ur-hoditeria puskatu, Argiaren Etxetik argia garraiatzeko erabiltzen ziren kableak moztu, Armategian sartu eta armak lapurtu. Lehenbiziko heriotzak, guardienak, isilpean gauzatu zituzten ehiza-armen, soken, labanen eta gezien bidez, dida, ilunpean. Dinamita, zeina egurketarien kanpamentutik lapurtu baitzuten, hamabost kilometro hegoaldera, gauez, Armategian prestatu zuten, Kuartel Nagusiaren eraikinaren sotoan, beste toki batzuetan suak pizten zituzten bitartean; orduan, alarma piztu, sua han-hemen barreiatu, eta hantxe aienatu ziren gaua eta isiltasuna. Tiroen trumoi-hotsa eta zuhaitz erorien gisako burrunba yizakiengandik zetozen gehien-gehienean, beren burua defendatu nahian; izan ere, Armategiko arma guztiak esklabo oihen esku zeuden, eta gainerakoek lantzak, labanak eta arkuak baliatu zituzten. Dena den, zarata guztien gainetik, dinamitarena gailendu zen, Reswanek eta egurketarien kanpamentuko esklaboen itxituran lanean aritu ziren beste kide batzuek ekarri eta eztandarazirik: Kuartel Nagusiaren eraikineko hormak erraustu, eta hangarrak eta ontziak suntsitu zituzten.
Gau hartan, mila eta zazpirehun yizaki inguru izanen ziren hirian…
19. TESTUA. Toma de Tierra II. Yayo Herrero, 2023.
Itzultzailea: Mirene Begiristain Zubillaga.
Kapitalismotik kanpo bageunde bezala begiratzen ikasi behar dugu, dinamika desberdinak irudikatzeko gai izateko. Eta kanpoan bageunde bezala diot; barruan gaudelako, jakina. Errebeldia eta desobedientzia ariketa bat da; biziraupen hutsagatik. Antigonak desobeditu egiten du, baina bere nahia ez da desobeditzea. Antigonak ez du legea hautsi nahi, aldatu egin nahi du. (…) Antigona Carola Rackete da, Italiako portu batean porturatzen, Salvinik debekatu arren. (…) Antigona da desobedientzia-elementu bakoitza, obligazioz, agindu politikoz eta moralez (…). Kolektiboki egin behar da. Antigonak izan nahi dugu.
Baliteke momento honetan distopia gehiegi izatea. Distopiak funtsezko zeregina du niretzat. Aztertzen edo begiratzen laguntzen digu, beldurra izaten laguntzen digu. Beldurra ez atzera botatzen gaituen eta ezkutarazten gaituen emozio negatibo bat gisa, baizik eta beldurra ziurgabetasun gisa, alerta gisa; kontzientzia izatea zuhurtzia eta kezka aplikatu behar den zerbait badelako, kontuz ibili diona (…) arazoa da distopia gehiegi izateak kontserbadore bihur dezakeela (…). Horregatik, utopiak ere behar ditugu. Ez ameskeriak, ez itxaropen faltsuak, baizik eta izaki bizidun guztiak sartzen garen proiektuak, irudiak, ametsak. (…)
Gu ez gauden mundu bat imajinatu behar dugu, bizitzaren bilbeak giza espezierik gabe ere funtzionatzen duela jabetzeko, espezie bat gehiago besterik ez baikara. Mundua elkarrekin irudikatu behar dugu, boterea eta kontraboterea imajinatu. Imajinatu behar dugu beste batzuk garela, enpatia-sentsazio hori eta beste pertsona batzuen larruan jartzeko gaitasuna garatzeko. GU bat imajinatu behar dugu, ez inperiala eta ez koloniala den pertenentzia-zentzu bat. Lur planetako kide izatearen zentzua, lurreko nortasunaren zentzua.
Alien atzerri hitzetik dator, estralurtarra (alienigena) alienetik. Mende gehiegitan, Lurrean estralurtarrak bagina bezala jokatu eta funtzionatu dugu, eta, beraz, funtsezkoa da identitate- eta pertenentzia-zentzu hori lantzea. Uraz, mugez, tokiaz, etxeaz, helduez eta umeez, segurtasunaz arduratzeko modu berriak behar ditugu. Segurtasun kolektibo bat elkarrekin bizitzak eraikitzean datzana, persona asko eta asko, bizitzako beste jiroi batzuk eta beste espezie batzuk bidean utzi gabe. (…)
Horregatik, droneak lurrera jaistean, pertsonek egin behar dugun nahitaezko lurreratze horretan, nire ikuspuntutik giltzarri nagusia zera da: inguruan dugun guztiarekin Komunitatea eraikitzeko gaitasuna; bizidunarekin, pertsonen artean, gainerako izaki bizidunekin, Lurrarekin. Eta horretarako, Donna Harawayri jarraituz, ahaidetasun arrotzak ezarri behar ditugu, orain arte jakin ez ditugun eta sortzeko gai izan ez garen ahaidetasun arrotzak. Eta horretarako, une honetan, planeta honetan jarraitu nahi badugu, eta ondo jarraitu nahi badugu, bilatzen, prestatzen eta sortzen saiatu beharko dugu.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Ekologia, Feminismo eta Antropologia irakurketa taldea (30 de septiembre de 2024). Munduarekin Fabulatu | Hernani ekofeminismotik eta literaturatik zeharkatzen. Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 9 de octubre de 2024 de https://doi.org/10.58079/w43h