Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

Subjektu euskaldunaren inpaseak eta arrakalak

Joseba Zulaika1


“Zer gertatu da zehazki gu, zahartu garenok, lehengo berak ez izateko?”2 Galdera hori egin zuen Adornok Ernst Blochen 60 urte bete zitueneko ospakizunean. Guretako askok galdera bera egin genezake; ez gara lehengo berak sentitzen. Hortik dator “arrakala”ren zentzua, lehenarekin haustura, inpase edo krisia bezala ere bizi daitekeena.

Hitzaldi honetan alde batetik euskal antropologiaren diskurtsoa hartzen dut oinarritzat: euskal identitatea, tradizioa, kultura, proiektu politiko bezala ezagutzen dugun hori. Bestalde psikoanalisiaren ikuspegiak erabiliko ditut. Baina segidan erantsi beharra dago, gaurko gure benetako euskal gizartea eta nortasuna kapitalismoaren baitako ekonomia eta balioekin gauzatzen dela. Beraz, kapitalismoaren garaikide den subjektu euskaldunaz arituko gara. Kulturak etxe baten babesa eskaintzen duen eran, kapitalismoaren identitate bakarra identitaterik eza da. Ez da kointzidentzia hutsa Euskal Herrian kapitalismoa nagusitu zenean, hemeretzigarren azken aldera, laster sortu zela ere euskal antropologia Aranzadi eta Barandiaranen bidez: kanpotik etorritako ekaitzari aurre egin beharra zegoen bertako nortasuna aldarrikatuz eginez. Kapitalismoarekin batera sortu zen ere psikoanalisia: honen egitekoa desiraren objektuan jarritako foku etengabeak sortzen duen subjektu neurotikoari laguntza ematea zen. Triptiko honek —antropologia, psikoanalisia, kapitalismoa— prisma egokia eskaintzen digu euskal subjektuaren inpaseak aztertzerakoan.  


Subjektuaren itzulera

Zertaz ari gara subjektuaz ari garenean? Filosofia kritiko eta psikoanalisiatik datoz ekarpen esanguratsuenak. Indibiduoa eta subjektua ez dira gauza berdinak: indibiduoa eguneroko zeregin utilitarioetan bizi den giza-animalia da; indibiduo hori subjektu bihurtzen da plazer printzipio edo kausa edo bizimolde bati fideltasuna gorde nahi dionean. Subjektuaren sorreran beti dago gertakizunen bat, enkontruren bat, indibiduo konkretuaren baitan nahitaezko inperatiboa eta arrakala sortuko duena. Nire belaunaldi militantearentzat subjektua politikoa izan zen batik-bat. Baina era berean, hitz egin genezake, aurrerago arituko garen bezala, subjektu kristauaz, edo subjektu sozialistaz, edo subjektu kapitalistaz, edo subjektu maiteminduaz, eta abar. Ez da berdina ekintzailea eta subjektua: ekintzailea fenomeno edo mugimendu baten testuinguruan gauzatzen da, mugimendu horren helburuak betetzen ditu eta aurrean duen objektu edo etsaiaren aurka definitzen da. Subjektua ez du egoera konkretu edo testuinguruak erabakitzen, aldiz edozein egoeratik askatzeko ahalmena du, zentzu horretan “hutsune” bat da azkenean subjektua. Arestigandik jaso genezake subjektuaren definiziorik egokiena bere Harri eta Herriren lehen partean: “Ezer eznaiz, eznaiz ezer, ezpada / naizena. / Ni naiz naizena, bai, naizena, ez / eznaizena”3.

Freudek, bere garaiko subjektuaren nozio nagusia alde batera utziz, inkonszientearen subjektua izendatu zuen; geroago Lacanek inkonsziente hori bihurtu zuen benetako etikaren lekua. Psikoanalisiaren eta filosofiaren ondarean gertutik oinarriturik, subjektuaren gaiaren pizkundean influentzia zorrotzenetakoa Alain Badiouren Subjektuaren teoria izan da, zeinean, posmoderniatik urruti, Egiari fideltasuna izatea da giza subjektuaren bereizgarritasuna. Subjektu hau ezin da nahastu fenomenologoaren “kontzientzia” nozioarekin. Ez du esan nahi introspekzioa edo mundu pribatua, unibertsaltasun inpertsonala baizik. Badiourentzat lau erregistro edo “kondizio” daude subjektu bat sortzea ekar dezaketenak: politika, ezagutza, artea, eta amodioa. Konbentzimendu politiko baten egia, edo maitasun istorio batena, edo sorkuntza literario edo artistiko batena, edo zientziaren egia dudaezin bat. Hauek ez dira lehenik zerbait teorikoak; gertatzen zaizkigun gauza praktikoak dira, eta gaurko mundura egokituak izan behar dute. Azken batean egiak egin egiten ditugu: konbentzimenduz, amodioz, sorkuntzaz, ulermenez. Nork aldarrikatzen ditu, nork sinesten, nork ekoizten produkzio hauek? Subjektuak.

Horizonte honetan jar genezake “euskal subjektu” baten ikuspegia ere: euskal kultura, hizkuntza eta nortasunaren ideia defendatzea merezi duela uste duen subjektua, ideia horri fideltasuna zor diona. Euskalduna den aldetik, eta euskalduna delako, subjektu horren inpaseetaz gogoeta egiteak ez du esan nahi hasierako egia hura baztertzea, gaurko pentsamendura eta mundura egokitu beharra baizik.


Subjektu iraultzailearen inpasea.

Nere belaunaldiarentzat ETAk suposatu zuen subjektu politiko iraultzaile berri baten sorrera. Subjektu honen zutabe ideologikoak ziren: abertzaletasuna, sakrifizioaren moralitate kristaua, existentzialismotik jasotako askatasun indibiduala, eta sozialismoa. Borondatearen subjektu existentzialista (Sartre) eta pertsonalista (Mounier) hartu zuten ekintzaren oinarritzat. ETAren subjektu hau ez zen jada EAJrena: erlijioa baztertu zuen; arrazan ez, hizkuntzan oinarritutako abertzaletasuna zen; nazioari edo Estatuari baino arreta gehiago ematen zion pertsonari.

Oraintasun berri bat eskatzen zuten gazte iraultzaileek. Erromantizismoa, folklorismoa, “fuerismoa” ez zen jada aski. Ez gaude 1936an, 1961an gaude, zioen ETAk. Ekintzaren praxia exijitzen zuen. Aberriaren sinbolismoari bere bizitza entregatzen dion bitartean, erreal politikoa  nahi du ekintzaileak eta erreala den horrek lotura estua du utopiaren ezinezkoarekin. Pariseko Komuna, Urriak 17, edo Txinako Iraultza Kulturala dira iraultzarenganako daukagun ezintasuna horren adibideak. Euskal belaunaldi gaztearen subjektu berriak amestutako iraultzak ere azken batean erreal ezinezko horren gainean eraikitako subjektu tragikoaren inpaseak (militarrak, politikoak, etikoak) ekarriko zituen.

Jatorrizko ETA hura intelektualki irekia zen, bilaketa batean zegoen. Iraganaren nostalgiatik deabrutik bezala ihes egin nahi zuen. Lehena bizirik irautekotan, gaurko errepikapen existentzialista besterik ez zegoen. Horretarako ETAri gehien inporta zitzaiona euskaldun subjektu moderno eta gaurkotu bat sortzea izan zen, milaka gaztek berea egingo zutena, iraultzaren zama bere gain hartzeko gai izango zen subjektu irmoa. Subjektu iraultzaile horrek, errealaren ezinaren kontra bere burua kolpatzen zuen bitartean, irteerarik gabeko inpase politiko eta etikora eramango zuen bere belaunaldia. Inpase hauen adibiderik nabarmenetakoa Yoyesen kasu tragikoa izan zen.

Zer gertatu zitzaion subjektu iraultzaile heroiko honi? Sartre, Simone de Beauvoir, edo Fanon bezalako intelektualen influentziapean formatu zen ETArekin lotua zegoen subjektu hau. Baina “Sartrek subjektuaren kontzepzio sinple bat dauka”4 dio Badiouk. Subjektuaren kontzepzio sofistikatuagoa Lacanek garatu zuen; bera izan da influentzia nabarmenena azken mende erdiko intelektual funtsezkoenengan. Lacanen iritzian, “ekintza batek beti gaizki ulertzen du bere izatea”5, eta “edozein iraultza ezgai da subjektua bere morrontzatik askatzeko”6. Euskal idazleen artean Joseba Sarrionandia izan da subjektu iraultzailearen grina eta ezina barnetik bizi eta barnetik idatzi duena. Euskal egoera politikoak aztertzerakoan, metafora nautikoak ezinbestekoak egin zaizkio adierazteko azken batean subjektu iraultzailea subjektu naufragoa bihurtu zela.


Subjektu erreaktiboa. Subjektu Iluna. Subjektu berregilea.

ETA amaitu ondoren haren inguruan zer nolako “errelatoa” eraiki bilakatu zen debate nagusia. Lehengo antagonismo politikoa orain biktimen erakundeen arteko inpase konponezin bihurtua dago. Bizitzako edozein alorretan naufragioa ezagutu duenak, bere hondapenetik nola altxatu du arazoa, eta horretarako zer nolako subjektu mota berri dagokion. Badago subjektu bat, iraganeko iraultza edo iraganeko amodio batean hondoa jo ondoren, dena amets bat besterik ez zela izan aitortuko duena. Hasierako gertakizun iraultzaile edo amodiozkoa aktiboki ukatu egiten du: dena ekibokazio bat izan zen, erru tragiko handi bat, ezer onik ekarri ez zuena. Subjektu erreaktiboa dei geniezaioke honi7. Lehen diktadura eta demokraziaren artekoa bazen antagonismo nagusia, gero demokrazia eta biolentziaren artekoa bihurtu zen; demokraziaren eta giza-eskubideen izenean kontra-iraultza bat izateko arriskua zuen. Justiziaren bilaketa zen hasieratik mugimendu iraultzailearen ausardia, baina, horren naufragioaren ondoren, subjektu honek ezin du ikusi politikan eta etikan iraultzak ekarritako ondorio txarrak besterik. Justiziaren ideiarekin sortu zen iraultza bera bihurtzen da azkenean Txar nagusia. Beraz, itzul gaitezen iraultza aurreko garaira, dio subjektu erreaktiboak, berreskuratu dezagun ordena zaharra, ahaztu gaitezen amesgaizto bihurtu ziren amets iraultzaile haietaz.

Beste figura bat subjektu ilunarena da: honek behin betiko egia iraganean errekonozitzen du, edo hasierako errebelazio batean, baina ez gaur eguneko gertakizunetan; fundamentalismo erlijiosoa edo estalinismoa dira subjektu ilunaren adibide; edo, amodioan, jeloskortasun morbidoa. Antropologia klasikoa izan da euskal subjektu iluna gehien sustatu duena: gure gaurkotasuna iraganaren giltzarrian oinarritzen du, prehistoria bera euskal identitatearen zutabe (politikan edo artean) bihurtzeraino. Jarrera atzerakoiak, lehenari atxikita, ondareari eta memoriari garrantzia gehiago ematen dio gaurkotasuna edo inprobisazioari baino. Baina modernian bizitzea gaur egunean bizitzea da.

Subjektu erreaktibo eta ilunari subjektu berregilea aurka egiten die: figura honek gaurkoari eman nahi dio bizitza berria, egiak beregan duelako bersubjektibizatua eta berresperimentatua izateko ahalmena. Laburbiltzeko, naufragioa sufritu duenak, subjektu berri bat gauzatzerakoan, aukera dezake subjektu erreaktibo edo iluna, edo alderantziz aukera dezake subjektu berregilea lehengo hondakinekin nortasun berri bat eraikitzeko ahalmena emango diona. Sarrionandiaren subjektu naufragoak ere, azkenik, itsas-ertzeko hondartzara ikaraturik ailegatzean, oraindik dena egiteko dagoela aurkitzen du. “Ez gara moroak. Euskaldunak ere ez. Ezer ez garelako erabaki dezakegu zer nahi dugun izan, eta zer nahi dugun egin. Ez gara ezer, egin arte”8. Horretarako subjektu berregilea du beharrezko, ezagutza eta amodio eta politika berri bat asmatzeko errekurtsoak izango dituena.        

Subjektu eraberrituak lehengo egiari eta fidelitateari bizitza berria ematen die, Errenazimenduan greziarren matematikak berriztatu ziren bezala, edo aspaldiko amodio bat berrizta daitekeen bezala. Gaur eguneko euskal subjektuaren arrakala bat ETAren naufragiotik zer ikasi eta nola jokatu da. Jarrera moralista hutsean gelditzearen alternatiba subjektu berregilea da, lehengo indar aurrerakoiei fideltasuna gordetzeko subjektu haren edukia erradikalki aldatzera behartua dagoena. Lezio ikasgaitza da hau: norbere izatearen erdiguneari fideltasuna gordetzeko norbera sustraitik aldatu beharra; Antigoneren kasuan bezala, “pertseberantzia ez da zurrun irautearen ondorio, metamorfosiaren ondorio baizik9. Euskal subjektu berregile hau da bereziki beharrezko gaur egun.


Subjektu erdibitua

Subjektu desiratzaile erdibitua da psikoanalisiaren subjektua. Erdibitze ugari dago, nola ez, gure gizartean eta politikan, esparru hauetako zatiketak batera edo bestera euskal subjektibazio bihurtuaz. Antagonismo eta erdibitze politiko nagusiak nazionalismoaren eta sozialismoaren eskutik bizi izan ditugu: euren artekoak eta euren baitakoak. Abertzaletasunari ala klase kontzientziari lehentasun antagonikoa zeini eman, zatiketa iturri historikoa izan da beti. Utopia sozialista ezinezko dela gaur egunean eta bide batez utopiaren horizonte gabe bizitzeak ez duela merezi, biak batera aitortzea da gaur eguneko subjektu erdibituaren arrakala ezaugarri bat. Politikatik aparte ere, bizibide tradizionaletan, esaterako arrantzalearen mundu bikoitzean edo ehiztariaren desira aseezinean, subjektu erdibitua da nagusi.

Euskal kulturaren eta hizkuntzaren inguruan ere erdibituak aurkitzen gara sarritan. Euskarari begiratu besterik ez dago zer nolako inpaseak ditugun ikusteko. Aipatzen den arrakala nagusia euskara ikasi eta erabiltzen duten artekoa da: 1991n baino 400.000 herritar gehiagok dakite euskaraz (populazioaren %43k), baina etxeko hizkuntza euskara dutenak orduan baino 2.000 gutxiago dira (%13ko erabilera). Inpaseari begiratzeko beste modu bat ETB1 eta ETB2en arteko edukiak lirateke; adibidez, maiatzetik hona ETB2k 139 film eman dituela eta bakar bat ere ez ETB1ek. Mundu akademikoan gabiltzanoi egunero gertatzen zaigu: ingelesez idazten baduzu, audientzia globala daukazu; euskaraz berriz audientzia euskalduna bakarrik. Zer du beharrezkoago Euskal Herriak, ingelesez haren berri eman munduari ala euskaraz garatu euskal pentsamendua edo giza zientziak? Sarri esaten da ere lehen euskara ikasten zela euskaldun izateko sentimendu eta konbikzioz; orain berriz administrazioan lanpostu baterako gai izatearren. Inpase eta arrakala hauek ez dira denak seinale txar konponezinak. Esan nahi du euskara eta euskal nortasunaren inguruan gauzak berpiztu egin direla.

Denboraren ardatzari begiratzen badiogu ere, eta zein aro historikoan bizi garen galdetu, anakroniaren zentzuak arrakalatzen du euskal gizartea. Zeren sarritan badirudi denbora desberdinetan bizi garela euskaldun talde desberdinak. Barandiaranen arkeologiak asmatu zuen Euskal Herri magiko prehistoriko hura bizi-bizirik dago gaur egun ere. Eta Erdi Arotik ditugun Nafarroaren lehen errelato politiko haien oihartzunak ere bai. Bitartean, kapitalismo industrialak eta honen krisi historikoek ere bere Euskal Herria sortu zuten eta hor bizi gara gehienok. Erlijioa dela edo ETA dela edo Guggenheim dela edo euskal artea eta antropologia dela, sarritan sumatzen dugu “beste denbora batean” bizi direla gure auzokoak. Anakronismo honen dialektikari begiratzea da euskaldunen inpaseetaz ohartzeko modu bat.

“Bat bitan banatzen da” zioen Maok. Subjektu iraultzaileak, lehen unean behintzat, zatiketa du nahitaezko behar diren aldaketak gauzatu nahi badira. Subjektu kontserbadoreak aldiz batasuna nahi du. Euskal ezkerrean ere, bi subjektu eta bi alderdi mota gauzatu ziren postfrankismoan: Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra. Herri Batasunak abertzale guztien batasuna bilatzen bazuen, Monzonek amestu bezala; Euskadiko Ezkerrak nahiago zuen abangoardia iraultzailea izan eta horretarako lehengo nazionalismoarekin distantziak markatu.

Bata bia bihurtzen den unea, Nietzscherentzat, eguerdia zen. Denbora bat bitan zatitzen da eguerdian; espazioa ere bat bitan zatitzen da ortzi-mugan. Nietzscheren “gertakizunak” ez dio subjektuari egokitze edo zentratze hutsa uzten, erdi-erdiko haustura subjektiboa probokatzen dio. “Nor naiz ni?” galderari erantzunaz, Nietzschek dio: “dekadente bat eta hasiera bat naiz. . . biak ezagutzen ditut, biak naiz”10. “Dionisos eta Gurutzatua” biak batera da. Nietzscheren formula horrek deskribatzen du gure artean figura enblematiko izan direnen haustura existentzialak: Unamuno, Aresti, edo ETAko zenbait kiderenak. Arestiren Maldan behera Gurutzatua eta Dionisosen aipamenekin hasten da ere bai; ateoa eta kristaua bide batez. Bikoiztasun horren ertzak markatu zuen nire belaunaldia: ebaki traumatiko bat bi izaera bateraezinen artekoa, errealitate aurkariak bai politikan bai etikan bai kulturan, subjektibitate berri bat osatzera behartzen zuena. Oro har nire belaunaldiaren subjektu propioena lehen izandakoaren eta orain denaren erdi-erdian dagoen gertakizuna edo arrakala da. Lehenagoko eta ondorengo subjektuei begiratuz, “gertakizuna bi subjektuen arteko muntaketa honetan bakarrik datza. Horregatik ezin da gertakizuna zuzenean deklaratu, deklarazio bikoitzaren bitartez baizik”11.

Nire belaunaldiko askorentzat, subjektu euskaldun modernoaren arrakala hauen irudikapena dira Chillidaren “Haize horraziak” edo Oteizaren Bilboko udaletxe aurrean dagoen “Esfera desokupazioaren bariante oboidea”. Bi eskultorek aitortu zuten beren obraren hasieran hilarri tradizionalek izan zuten eragina. Hilarri biplanoen neurri borobil, zentratu, erradiatu, hertsiak erabat hautsi eta berregin zituzten eskultura hauetan; horrela irudikatzen eta gauzatzen zuten era berean tradiziozko subjektu euskaldun hertsi, borobil eta guztiz zentratuari unibertso garaikideak behartu dizkion arrakalak eta hausturak.


Subjektu kapitalista

Kapitalismoak ez ditu bakarrik produktuak sortzen, produktu horien beharra eta desira izango duen kontsumorako subjektu kapitalista bat ere sortzen du. Kapitalismoari ez dio axola desira horiek sozialki beharrezkoak diren ala alferrikakoak. Gizarte kristauan Jainkoak erabakitzen zuen gizakiak nola desiratu. Jainkorik gabeko gizartean gizakiak libre egon behar luke Beste handien aginduetatik. Baina modernia kapitalistak bere Jainkoa inposatzen du: merkatua. Honek erabakitzen du gaur egun zer eta nola desiratu behar dugun.

Psikoanalisiak desiraren eta subjektibitatearen sorreran galtze traumatiko bat suposatzen du. Haurra bere nortasunaren eta hilkortasunaren kontziente egiten den eran bere gurasoak “galdu” egingo duenaren esperientzia bizitzen du. Hutsune eta gabezia hori subjektuarentzat gertakizun konstitutiboa da. Hizkuntza psikoanalitikoan, “objektu galdua” den horrek zuzentzen du subjektuaren desira, nahiz eta subjektua inoiz ez izan objektu galdu horren jabe. Galera subjektibo hori ez da gauza konkretu baten galera, zerbait ontologikoa baizik; paradisu guztiak, subjektuarentzat, paradisu galduak dira. Kultura tradizionaletan gabezia subjektibo hori erritual edo sakrifizio edo festa bidez integratua izan ohi da gizartean. Horrela ulertzen da nire belaunaldiak gaztetan zuen sakrifiziorako grina bai erlijioaren eta bai politikaren esparruetan: subjektuaren galtzapen subjektiboa sendatzeko modua zen komunitateagatik norberaren lana eta bizitza ere sakrifikatzeko prest egotea. Kapitalismoak subjektuaren galtzapen traumatiko hori zerbait kontingente bihurtzen du; salgai dagoen kontsumo produktu bat erosiaz konpon daitekeela galera oro prometatzen du, ontologikoa den subjektuaren galera gauza enpiriko baten formaz aseko duela.

Subjektuak bere desiraren eta asetzearen artean sortzen duen harremanean dago kapitalismoaren jenialtasuna. Geroaren promesa eskaintzen du kapitalismoak eta horrela ekidin subjektuak berea duen gabezia beharrezko hori; honen ordez arrakastaren eta irabazpenaren fantasia saltzen du12. Desira ororen mugak eta porrotak gaindituak izan daitezkeela esaten digu. Egia bestelakoa da: desiraren fantasiak dira oztopo, amaigabe produktu berri baten irrikan egon beharra duen desira, desiratutakoa lortu ondoren ere gelditzen den insatisfazioa izanik kontsumitze kapitalistaren motorra.

Psikoanalisiak sarritan frogatutako lezioa da, kontzienteki irabaztea nahi dugun bitartean, inkontzienteki subjektuak galtzen duenean lortzen duela benetako atsegina. Ikuspegi honetan, inkontzienteak “bultza egiten du subjektua bere interesen aurka joango diren portaerak gauzatzera . . . Subjektuaren satisfazioa guztiz korapilatua dago galera auto-destruktiboarekin”13. Progresuaren sinbolo diren aurrerapenen aurrean —garraioak, teknologia berriak, turismoa, museo globalak, eta abar— sarritan anbibalente sentitzen gara eta nahiago dugu auto-sabotajea egin kapitalismo globalari erabat saldu garela aitortu baino. Bestalde, kontsumitzailearen gozamena eta langilearen nekearen arteko desberdintasuna ere hor dago: jakin badakigu gozatzen ditugun hainbat produktu gizarte pobreagoren batean esklabo lan kondizioetan eginak direla, baina nahita ezjakinarena egiten dugu, honek kulpa sentiarazi arren. Abstraktuan antikapitalista sentitzen gara, konkretuan kapitalismoan leporaino murgilduak gauden bitartean. Hau da subjektu kapitalistaren oinarrizko arrakala.

Kapitalismoak ez dizu dirua eta askatasun pertsonalak bakarrik promesten, horiekin batera emozio neoliberala duzu beharrezko: zoriona. Ez bazara zoriontsu, zerbait gaizki ari zara egiten: ziurrenik ez zara behar bezain kapitalista izango, edo ez duzu behar bezain modu positiboan pentsatzen. Zoriona fabrikatzeko industria oso bat zabaldu da; unibertsitate ugarietan zorion ikerketak eskaintzen dira. Platonek bazion pertsona justuaren emaitza dela zoriona, orain aditu batek erakuts diezazuken trikimailua da, dieta on bat zer den erara. Gaur egungo kultura kontsumista permisiboan, neurrigabe gozatzea eta zoriontsu izatea obligazio bezala hartu beharreko aginduak dira. Hedonismoa obligazio bezala da superegorik krudelena14. Ez da berdina nahi duguna eta desira duguna; sarritan desirarik barnekoenak eskatzen digunak terrorea ematen digu. Desira honek behartzen du erregua, Jenny Holzerren argi-zinta instalazioak zioena, “Babes nazazu desira dudanetik”.


Subjektu feminista: Generoaren arrakalak eta amodioaren krisia

Amodioa da subjektuarentzat egiaren probaleku nagusi bat. Amodioak egiten gaitu “subjektu”, hitzaren zentzu bikoitzean: norbera bestearen subjektu eragile eta norbera besteari subjektu. Baina Rimbaudek esan bezala: “Amodioa berrasmatu beharra dago”. Gure belaunaldien denboran aldakuntza sakonak gauzatu dira sexu eta amodio gaietan, ezkontza eta familia bizitzan bezala. Dibortzioa ez zen legala 1980ko hamarkada arte; 1981eko dibortzio legea onartu zenetik pasa diren berrogei urtetan 160 mila dibortzio gauzatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Ezkontza ez dago modan: gaurko bikoteen erdiek ezkondu gabe izaten dituzte haurrak. Aldaketa sakon hauek kontutan harturik ez da harritzekoa genero-desberdintasunarekin lotutako arazoak bihurtzea gizartean erronka nabarmenetakoa; egunero entzuten ditugun biolentzia matxista kasuak dira genero krisi horren lekuko. Zerbaitegatik hartu du feminismo mugimenduak halako indarra, gaur egun gizarte aurrerakoiaren erreferentzia nahitaezko bihurtzeraino.

Bada mende bat psikoanalisiak sexuarenganako ikuspegiak erradikaldi aldatu zituela. Euskal kulturako barne inpaseak kontutan hartzerakoan, generoa da nabarmenenetakoa. Kasu txundigarriena Irun eta Hondarribiko alardeen inguruan sortu zen krisi soziala izan da. Urteak pasa ahala oraindik konpondu gabe dago bi alarde moten arteko harremana (Irunen ‘publikoa’ eta ‘tradizionala’;  Hondarrabian, ‘betikoa’ eta  Jaizkibel konpainia. Hemen antagonismoa generoan kokatzen da zuzen-zuzenean. Konponbidea  ezin aurkitzeak sakoneko inpase bat adierazten du.

Lehen eta behin, psikoanalisiaren ikuspegitik, generoa eta sexualitatea “oinarrizko arrakala baten lekua” da. Sexuak esparru sinbolikoa magnetizatu eta nahastu egiten du; ez dago beste esparru bat hainbeste inpase eta lokagune dituenik; honek adierazten du, Alenka Zupancicen hitzetan, “Lacanek Erreala deitzen dion esparrua”; hau da, “errealitate sinboliko beraren ezintasun / kontraesanarekin” harremana duena. Psikoanalisian “sexuak… errealitatearen kontraesan iraunkor bat formulatzen du”15; sexua ez da azken errealitatea, honen baitako estropezu harria da, loka-puntuz josia, antagonismo iturri amaigabea.

Gizarte tradizionalak predikatzen zuen generoen arteko harreman harmoniatsuekin hautsi egiten du genero harremanen ikuspegi feministak; garai bateko “matriarkatuak” ere, patriarkatuaren fantasia besterik ez zena azkenean, badu zerikusia euskal gizarte idealizatu horrekin, zeinaren zutabe zen emakumearen subordinazioa. Generoen arteko esparrua arrakalaz josia dago, nola ez, eta hauen artean gizon eta emakumeen soldaten arteko arrakala ez da txikiena. Feminismoaren egitekoa hain zuzen adostasun kulturala hautsi eta sexu diferentziak plazaratzea izan da, giza antagonismoek bereak dituzten zatiketak argitaratzea, diferentzia sexuala barne. Baina honetarako “maskulinitate” eta “feminitate” kategorien esentzialismo tradizionalak saihestu beharra dago; behartuak gaude pentsatzera “ez ‘aurka’ dauden bi sexuen arteko kontraesana, baizik eta bi sexuen baitan dagoen kontraesana, biak barnetik ‘oztopatzen’ dituena”16. Ikuspegi honetan sexualitatea ez da batik-bat arazo kultural, moral edo identitarioa, arazo epistemologiko eta politikoa da17.

Genero harremanei loturik, gaur egun zalantzan jartzen ditugu zein diren “aita” eta “ama” izateko modu egokiak ere. Amatasuna bera eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu ditu oraindik orain Emagin taldeak, non amek eta (ez)amek parte hartuko duten: parentesi arteko ez horrek arrakala adierazten du, amatasun beraren inguruko eztabaida, eta familiaren baitan dauden amaren eta aitaren figuren inguruko krisia. Psikoanalisiaren sorreraren atzetik egon zen gizarte modernoetan aitaren autoritateak izan duen gainbehera. Euskal Herriko belaunaldien katean ere gerra-ondoko aitaren figura gutxitua zen, galtzailearena baizen, inpotentziaz josia. Aitaren porrota traumatikoa zegoela ETAren subjektuaren sorreran argudiatua izan da. Gurasotasun komunitarioa ere gogoetagai dute Emaginekoek. Ama izateaz gain enplegu bat duzunean, ezin diezu bi egitekoei erabateko arreta eskaini gizarteak hala agindu arren. Familiaren eta komunitatearen arteko mugetan daude, gurasoez gain, aiton-amonak, bizilagunak, auzokoak, koadrillak18.

Aipatzekoa da ere desira eta amodioa ez direla gauza bera. Desira bere kausa den objektuaren mende dago; maitasuna ez. “Gamelua jostorratzaren begian zehar nola, hala pasatzen da amodioa desiraren zehar”19, idatzi zuen filosofoak. Amodioa desirarekin hasten bada ere, ez da derrigor desiran amaitzen. Amodioan erortzea, maitemintzea, ez da subjektuarentzat inbertsio atsegina; horregatik subjektu kapitalistak arriskuz beteriko amodioaren ordez erromantze liluragarria aurkeztu nahi izaten du; hau da, desiraren eta fantasiaren esparruan nahi du amodioa, komenentziaren arabera eduki edo ez edukitzeko, horrela amodioaren enkontru traumatikoa ekiditeko. Amodioarena da arrakalarik bortitzena, dio Rubert de Ventosek bere Desiraren aurkako amodioaren bataila20 saiakeran, “zeren desirak munduarekin suturaren alde egiten badu, amodioa da aldiz haustura dakarrena”21.

Baina garai postmodernoetan bizi gara eta gaur eguneko kultura kontsumistaren harira amodioa bera ere ezbaian dagoela diote zenbait pentsalarik. Plazeraren eta ondo pasatzearen kultura nagusitzearekin bat, amodioaren arriskuak eta zauri traumatikoak saihestu egin nahi direla. Edozein hirietako zita agentzien helburua horixe da: amodioa gozatzeko lagunak eta bideak eroso jarri, eta bide batez amodioaren atxikimendu eta alderdi mingarriak ekiditeko tartekari izan. Zerbitzu horien esloganak: “Eduki amodioa baina menturarik gabe!” edo “Izan ezazu amodioa baina maitemindu gabe!”22. Hau da, inolako arriskurik gabeko amodio perfektua eskaintzen dute, entrenatzaile eta guzti, sufrimendu gabeko gozamen hutsa.

Ezkontza kristau sakramentu bezala bizi zenean, “betirako” hitzak esanahi garbia zuen. Kristautasunak ondo ulertu zuen amodioan badagoela zerbait kontingentzia hutsari ihes egiten diona, baina amodioaren unibertsaltasuna plano transzendentean jarri zuen, Jainko ahalguztidunari makurtua, eta hori da gaurko pentsamendu post-kristauak onartzen ez duena. Baina erlijiotik aparte ere, Kierkegaardek edo Badiouk ondo ulertu duten bezala, amodioak badu bere baitan “betikotasun” esperientzia; egia hau nola formulatzen asmatzea da subjektu garaikidearen inpase bat.


Subjektu migrantea: homeless Euskal Herrian

Subjektu euskaldunaren inpase handienetakoa migrazioak erakusten du: alde batetik arin zahartzen ari den demografiak beharrezko du emigrazioa ekonomiaren esparru oinarrizkoak sostengatzeko; bestalde, galdetzen du Jose Mari Esparzak, Nafarroan jaiotzen diren hiru haurretatik bat emigranteen umea bada, zein Euskal Herri izango dugu laster? Subjektu migratzaile honen beste aldea euskal subjektu etxegabearena da: erbestean bizi den euskalduna, edo errefuxiatua dena, edo atzerrira emigratu duena, edo Euskal Herrian bertan atzerritar sentitzen denari dei geniezaioke subjektu etxegabea. Gero eta ugariago dira etorkin Euskal Herrian eta gero eta ugariago gara Euskal Herritik kanpo joaten garenak lana edo ikasketengatik. Beste mutilazioen artean, identitate eza nabarmenduko zaio emigranteari edo etxegabe sentitzen denari. Kulturalki erdibitu eta homeless sentitzen da migrantea. Baina ez atzerrian bakarrik, Euskal Herrian ere edonor senti daiteke kulturalki etxegabe. Teknologiak, berriak, filmak, modak urrunetik iristen zaizkigu. Gure identitateak (hizkuntzan, musikan edo pentsaeran) ez dira lehen bezain homogeneoak.

Migrazioak euskal subjektuari suposatzen dizkion arrakala eta inpaseak ulertzeko ez dago oraindik orain Berria egunkarian egon den eztabaidari begiratu besterik23. 2000 urtean Euskal Herrian estatutik kanpo jaiotako 67.692 pertsona bazeuden (%2.3), 2020 urtean 372.480 ziren atzerritarrak (%11.7)24. Auzoan bizi den etorkin horri nola begiratu behar dio bertakoak? Gaitz bat bezala, esklabo bihurturiko paria dena subjektu euskaldunaren aurrean, Euskal Herriaren garapena oztopatzen eta desartikulatzen duena, euskal langileen irabazpenak desarmatzen dituena?; ala subjektu politiko bezala, “haiek” eta “gu” kategoria desberdintasunak baztertuz euskaldunen eskubide berdinak aitortu behar zaizkienak, eta karga ekonomikoari dagokionez edozein urtetan, 2018an adibidez, administrazio publikotik jaso baino 810 milioi euro gehiago euskal ekonomiari erantsi diona? Sarritan entzuten dugu Euskal Herrikoa dela munduan jaiotza tasa baxuenetakoa: 1975 urtean 40.000 haur jaio ziren; 2021an 14.200. Euskal demografiaren zahartzearen eta krisiaren adierazle dira estatistika hauek25. Halere, azken bi hamarkadetan euskal biztanleriak %10eko hazkundea izan du, horren oinarria migrazio saldo positiboa izanik. Tamalez tradizio handia du arrazak euskal imajinario abertzale antropologikoan, odolean eta lurrean oinarritzen den subjektua baieztatzen duena, baina gaur egun euskal subjektu bat krisian egotekotan, hori arrazaren nozio anakronikoan oinarritua da.

Atzerrian bizi diren erbesteratu eta migratuek gehienetan amets bat izaten dute: etxera itzultzea. Baina ametsa da azkenean jaioterrira itzuli ondoren “etxegabezia” ezabatuko dela. Subjektu migratuaren perspektiba beti izango da bikoitza; mundu bat bestearen kontrapuntuan ikusten du: etxekoa atzerrikoaren kontrastean, zaharra berriaren ikuspegitik. Atzerritik jaioterrirako bidea hartzeak ez du esan nahi azkenean zure etxea berraurkitu duzula, edo zure bizitzaren itsasaldiaren ondoren osotasun moduko bat lortuko duzula itzuli ondoren. Alderantzizkoa izan liteke: ezegonkortuko zaituen saltoa izan daiteke jaioterrira itzultzea. Artzain eta langile izandako euskaldun ugari ezagutu ditut mendebal amerikarrean Euskal Herrira itzuli nahi ez zutenak. Lehen atzerriratzearen haustura gogorra izan bazuten, orain “etxera itzultzea” eurentzat bigarren atzerriratzea besterik ez da. Kanpoan urteetan bizi izan garenontzat diskontinuitate, haustura eta mutilazio horiek ia gaindiezinak egiten dira azkenean, bizitako herrien arteko desplazamenduak eta autobiografiaren aro desberdinak nahasturik esperimentatzen direlarik. Itzultze erabatekoak ezinezkoak dira.           

Atzerritik “etxera itzuli” denak etxegabeziaren esperientzia berekin izango du beti, bai bere bizitzari begiratzean bai inguruko migratzaileei, eta azkenik baita ere euskal herritar arruntei: zeren ba al dago inorentzat benetako etxerik gaur egun munduaren krisi nagusiak (aldaketa klimatikoa, gerra, gosea, ekonomia) konpondu arte? Hiritar modernoarentzat “etxe” politiko nagusia Estatu-Nazioa da, euskaldun askok faltan sumatzen duen etxea. Baina ezin ahaztu Adornoren hitzak: “etxea iragana da . . . Etikak gaur egun esan nahi du norberaren etxean [ere] ez sentitzea etxean”26. Etxegabezia honen arrakalak gero eta gureago ditugu euskaldunok.


Inpase etikoak eta subjektuaren aukera

Bi etika erradikalki desberdinen bidegurutzean aurkitu izan da nire belaunaldia, eta bien arteko arrakalak eta loka-puntuek izan dira gure garaiko antsietate iturri nagusi. Alde batetik Maisuaren etika, inperatibo kategorikoz josia: egin beharreko agindu morala, leialtasuna, ohorea, zertarako bizi garen jakitea. Etika kategoriko hau muturreraino eramanez, erlijioagatik edo aberriagatik edo sorkuntza batengatik dena emateko prest egon behar zen. Beste aldean dago azken hamarkadetan nagusitu den postmoderniaren postura erlatibista eta indibidualista, dioena: ahantz ditzagun errelato handiak, bizitza hau gozatzeko da, ez baitago besterik. Lehen posturak zorroztasun absolutistara jotzen du, bigarrenak ezer berrirako mobilizatzeko indarrik gabe uzten gaitu. Nola irten inpase honetatik?

Moralitate tradizionalari psikoanalisiak eragindako kolpea hau izan zen: lege morala, Kanten inperatibo kategorikoa bereziki, ez da superegoa besterik (superegoa izanik psikoanalisian agente sadiko ezegonkortzaile bat, gaixotasun mental askoren iturria). Ikuspegi honen efektua izan da zalantzan jartzea patologiari loturik dagoen inperatibo horretan oinarritutako edozein etika. Freudek deituriko “zibilizazioa eta bere deskontentuak” bihurtu zen etikaren kokagune. Superegoan bere abiapuntua duen etika, edozein ideologiaren morroi tresna bihurtzen da, bere aginduak benetakoak eta ohoragarriak direla subjektuari sinestarazten saiatuko den ideologia.   

Zein da beraz gure benetako egoera eta zein gure egitekoa? Euskal superegoak dio: dena egiteko dago. Euskal subjektu erreaktiboak dio: askoz okerrago egon gara orain gutxi arte, inoiz baino hobeto gaude. Inpase honen aurrean ez daukat nik irtenbiderik. Baina gogokoa izan dut Zupancicek, Kanten eta Lacanen ideiak uztartuz, “Errealaren etika”27 deitzen diona, nahiz eta oso ulergarria ez den honelako hitzaldi baterako. Ez superegoan edo imajinarioan finkatuta dagoen etika, bizitzaren eta subjektuaren “erreala” delakoan oinarritua baizik. “Errealitatea” eta “erreala” guztiz desberdinak dira diskurtso honetan. Gure eguneroko errealitatea erakunde, sinbolo eta praktika sozial batzuen inguruan eraikitzen da. Erreala da, aldiz, mundu gizarte-sinboliko horretan ezezaguna dena, eraikuntza horrekin beti tentsioan dagoena. Bi esparru desberdin hauen artean arrakala sakona dago. Edozein egoera funtsezkoetan (politikan, sorkuntzan, amodioan) erreala da inpasearen puntua, ezinezkoarena.

Sarritan irakurtzen da hogeigarren mendea “errealaren grina”nagusitu zen mendea izan dela; Badiouk erantsi zuen: “Errealaren grinak ez du moralitaterik. Moralitatea mundu zaharraren hondakina da”28. Moralitatea eta etika ez dira berdinak ikuspegi honetan: moralitateak besteenganako harremanak erregulatzen ditu; etika gure barne egitekoari diogun fideltasunaz arduratzen da batik-bat. Hondakina bezala bizi dugun moralitatea, eta moralitatea eta etikaren arteko arrakala ere gure subjektibitatearen parte dira.

Errealaren etikaz aritzea psikoanalisiaren subjektu desiratzailearen eta honen fantasien etikaz aritzea da. Psikoanalisiaren etikak ez du zerikusirik superegoaren etikarekin; superegoak kulpa inposatzen dio batik-bat subjektuari. Psikoanalisiarentzat subjektuaren egiteko nagusia desira eta amodioari (hau da, bizitzan duen zeregin oinarrizkoari) uko ez egitea da. “Desira” bera zer den gai zabala da, psikoanalisiak asko landua, eta nahasketa sor lezake; desirari ez uko egiteak ez du esan nahi hedonismorako deia denik, funtsean norberaren egitekoa betetzeko deia da; ez inolako Beste handi baten agindua delako, subjektu beraren betebehar immanentea delako baizik. Psikoanalisiaren arabera desiraren inguruko fantasia eta erabakietan subjektuaren inkontzienteak nahitaez parte-hartzen du. Baina alderantziz ere Freudek zioen subjektuak “neurosiaren aukeraketa” egin lezakeela; Lacanek ere zioen neurotikoak ez duela antsietatea entregatu nahi, ezta bere oinarrizko fantasia baztertu. Hau da, pertsonak neurri batean berak aukeratzen du fantasiazko eta antsietatezko bizitza neurotikoa; bestela esanda, “subjektua zentzu batean behartuta dago bere inkontzientea aukeratzen”29. Subjektibitatearen egitura zirkularra islatzen da hemen: ez dago askatasunik subjekturik gabe eta subjektuaren agerpena askatasunaren ondorioa da. Nire belaunaldia askatasunaren aporia hauetan murgildua bizi izan da. Subjektu aukera desberdin posibleen katalogo xumea egin dugu hemen. Azkenean, geure bizitzan zer nolako subjektuari gorputza eman, hori da erabaki fundatzailea.

Ezin duguna da bizitzaren zentzu tragiko unamuniarraren etikarekin jarraitu, edo posmodernia kontsumistaren fantasiekin. Unamunok, galdutako inmortalitate kristaua eta infinitoaren ezintasuna finitudearen sentimendu agoniatsuarekin ordezkatu zuen. Baina psikoanalisiaren etikak oso bestelako ikuspegia du finitudeaz. Lacanen obrari jarraiki, “infinitua lortzea ez da zerbait inposiblea; alderantziz, guretzat ezinezkoa dena infinituari erabat ihes egitea da”. Baina ez transzendentzia baten predikatua den “infinitua”, gizakiarena eta edozein egoera hutsalarena den predikatua baizik. Badiou ateoak ere, matematikan eta psikoanalisian oinarriturik, infinituaren axioma du bere pentsamenduaren giltzarri. Transzendentziaren promesik gabe gelditzeak ez du esan nahi mundu finitu batean giltzaperatuak gaudenik. Metafisika zaharrean “finitudea” materialismoarekin lotzen zen; “infinitua”, aldiz, idealismoarekin eta espiritualismoarekin. Pentsaera hau erabat iraulia izan da.

Gure zortea da, hemen aipaturiko arrakala subjektibo guztien zehar, hemen iradoki besterik egin ez dudan pentsamendu berri honen gida gure esku dagoela. Egiaren etikak eskatzen diguna ez da lehen izandakoari uko egitea, subjektu izatearen prozesuan hautsi gaituzten inpase eta antagonismo horiek geureganatzea baizik. Nola ez, inpase hauek ez dira gure gizartearenak bakarrik; hauek aitortuz sor genitzake harremanik sendoenak beste gizarteekin ere, borroka komun batean gaur eguneko militarismo eta opresio mota guztien kontra. Hitz batean, arrakala horiek onartzea da gure lehen egitekoa, zeren, poetaren kantuan: “pitzadura dago gauza guztietan; horien zehar sartzen da argia”.


  1. Hitzaldi baten testua da hau, Koldo Mitxelenan Javier Echeverriak eta Vilma Coccozek eratutako “Garaikidetasunaren krisia” sailean 2022ko azaroaren 10ean emandakoa. []
  2. Aipamena Detlev Claussen, Theodor W. Adorno: Uno de los últimos genios. Itzultzaile Vicente Gómez Ibáñez. Valencia: Universitat de València, 2006, 294. []
  3. Gabriel Aresti, Harri eta Herri. Bilbao: Kriselu, 1969. 40-42. []
  4. Alain Badiou, Theory of the Subject. Itzultzailea Bruno Bosteels. London: Continuum, 2009, 300. []
  5. Elisabeth Roudinesco, Jacques Lacan. Itzultzailea Barbara Rey. New York: Columbia University Press, 1997, 341. []
  6. Roudinesco, 1997, 343. []
  7. Ikusi Alain Badiou, Logic of the Worlds. Itzul. Alberto Toscano. London: Continuum, 2009b, 54-58. []
  8. Sarrionandia, Moroak gara behelaino artean? Iruña: Pamiela, 2010, 531, 540. []
  9. Joan Copjec, “The Tomb of Perseverance: On Antigone”. In Joan Copjec eta Michael Sorkin (ed.), Giving Ground: The Politics of Propinquity. London: Verso, 1999, 258; azpimarra jatorrian. []
  10. Aipamenak, Alenka Zupancic, The Shortest Shadow: Nietzsche’s Philosophy of the Two. Cambridge: MIT Press, 2003, 16. []
  11. Zupancic, 2003, 19. []
  12. Ikusi Todd McGowan, Capitalism and Desire: The Psychic Cost of Free Markets. New York: Cambridge University Press, 2016,36. []
  13. McGowan, 2016, 15. []
  14. Ikusi Zizek, Surplus Enjoyment: A Guide for the Non-Perplexed. London: Bloomsbury Academic, 2022, 219. Ikusi baita ere Iñigo Martinez Peña, Mandamentu Hipermodernoak: Egungo inertziak zalantzan jartzen. Donostia: Elkar, 2021. []
  15. Alenka Zupancic, What Is Sex? Cambridge: MIT Press, 2017, 40-41, 3. []
  16. Zupancic, 2017, 72. []
  17. Zupancic, 2017, 36. []
  18. Ikusi Ainara Lasa eta Miren Arangurenekin elkarrizketa, “Amatasun praktikak uztartzeaz gain, beste zerbaitek abiapuntu izan nahiko genuke”, Berria, 2022ko urriak 16. Baita ere ikus Jule Goikoetxea Mentxaka, “Espazioaren produkzioa: hiria, familia, utopia”, Jakin, 251 (uztaila-abuztua 2022). []
  19. Alain Badiou, Conditions. Itzultzailea Steven Corcoran. London: Continuum, 2008, 190. []
  20. Apuleyo, Xita Rubert, Xabier Rubert de Ventós, La batalla del amor contra el deseo: Tres aproximaciones al mito de eros y psique. Lleida: Milenio, 2014. []
  21. Rubert de Ventós, 2014, 90. []
  22. Alain Badiou (eta Nicolas Truong), In Praise of Love. Itzultzailea Peter Bush. New York: The New Press, 2012, 6 []
  23. Ikusi Jose Mari Esparza Zabalegi, “Migrazioa? Ez, mila esker”, Berria, 2022ko urriak 25; Arantza Gutierrez Paz, “Migrazioa? Nahierara”, Berria, 2022ko urriak 25; Peio Aierbe, “Immigrazioaren aurkako politika ezkerretik?”, Berria, 2022ko urriak 26; Jose Mari Esparza Zabalegi, “Confebasc: Migrazioa bai, eskerrik asko”, Berria, azaroak 3, 2022. []
  24. Ikus Imanol Esnaola Arbiza, “Euskal demografia lurraldean: zer dio prospektibak?, Jakin 251 (uztaila-abuztua 2022), 23. []
  25. Prospektibak aurreikusten du 1935 urtean zahartze tasa (65 urtetik gorakoak) %27raino igotzea eta 15 urtetik beherakoak %11.4raino jaistea. Esnaola Arbiza, 2022, 26. []
  26. Theodor W. Adorno, Minima Moralia: Reflections from Damaged Life. Itzul. Dennis Redmond. Creative Commons. Prism Key Press, 2011, 34. []
  27. Alenka Zupancic, The Ethics of the Real: Kant, Lacan. London: Verso, 2000. []
  28. Alain Badiou, The Century. Itzultzailea Alberto Toscano. Cambridge: Polity Press, 2007, 63 []
  29. Frank Ruda, Abolishing Freedom. London: University of Nebraska Press, 2016, 162. []

OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
josebazulaika (13 de noviembre de 2023). Subjektu euskaldunaren inpaseak eta arrakalak. Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 12 de febrero de 2025 de https://doi.org/10.58079/b78c


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.