Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

Lan esperientziak akademiatik kanpo | Antropologiaren (lan)bideak (2º mahai-ingurua)

Moderatzailea:
Xabier Jaso Esain
Parte-hartzaileak:
Maider Eguzkitza (Farapi Koop.)
Enara Eizagirre (Aztiker Ikergunea)
Olatz Retegi (UPV/EHU, Aranzadi Zientzia Elkartea)
Josu Ozaita (Antropologo autonomoa)

Olatz:
Oiartzundik nator eta Gizarte Antropologia bukatu ondoren Giza Eskubideen masterra egin nuen EHUn. Gaur egun ezin izan naiz akademia munduan gelditu eta Suitzara joan nintzen (gaur egun bertan bizi naiz). Kooperazio arloan nabil gaur egun. Aranzadi Zientzia elkartean lanean ibili nintzen eta gaur egun kolaborazioak egiten ditut, oroimen historikoaren munduan.

Enara:
Nik Gizarte Antropologiako karrera 2015ean bukatu nuen. Ordutik, formakuntza eta lan arloetan antropologiarekin lotuta ibili naiz beti. Praktikak Aztiker Soziologiako Ikergunean egin nituen (antropologoak, soziologoak eta beste diziplina batzuetako pertsonak elkartzen dira). Aztikerren nabil lanean, eta bestalde 2015etik 2019ra UNEDen ikerketa antropologikoaren inguruko master bat egin nuen.

Maider:
Farapi kooperatibatik nator. Gizarte Antropologiako gradua 2015-2016 ikasturtean bukatu nituen eta Farapin egin nituen praktikak. Argi nuen hasieratik antropologia ikasi nahi nuela, eta praktikak Farapin egitearen arrazoia antropologia aplikatuaren eremua ezagutzeko nahia izan zen. Zera galdetzen zidaten: baina enpresa batean? Ba bai, ikusi nuen barruan egiten ziren gauzak interesgarriak iruditzen zitzaizkidala, liburuetatik atera eta fronteraren beste aldera, terrenora joateko aukera ematen zidalako. Gero kanpoan ibili nintzen eta gaur egun bazkide eta langile gisa ari naiz Farapin. Belaunaldi berriaren parte naiz. Eta erakutsi nahi dizuet ikerketatik nola joan garen eraldatzen, eraldaketa sozialerako bidean beste diziplina batzuekin, eta nola jarri dugun prozesu bat enpresaren eredua ere eraldatzeko (eredua horizontalagoa egiteko eta kooperatibizatzeko).

Josu:
Aurkezpen berezia da, elkarrekin ikasi dugulako Antropologia mahai honetako batzuk: ikasleentzako esperantza bat. EHUn egin nituen gradua eta masterra, eta gero antropologo aritu izan naiz. “Juan San Martín” beka eman ziguten Jaime Altunarekin batera, eta horrekin “Gau Beltza” ikerketa egin genuen. Gero eman ziguten Barandiaran beka eta Arabar Errioxako ardoei buruzko ikerketa bat egin genuen. Hortik aparte, lan batzuk egin ditut udalentzako: Ibarrako Udalaren kasuan, piperrari buruzko etnografia bat, gaur egun beste bat Berastegin, eta beste landa lan batzuk eta kolaborazioak elkarte desberdinetarako. Beste profesional batzuekin ere egin ditut elkarlanak: dekoratzaile batekin, bezeroei elkarrizketak egiten dizkiet aurretik, etxea pertsonalizatzeko (antropologia aplikatua eta oso “mini-antropologia”. Diseinu grafikoko beste lagun batekin egiten dudana da diskurtsoa.


LEHEN GAI MULTZOA


Xabi:
Antropologiaren testuinguruaren gaineko hausnarketari helduko diogu. Aipatu da antropologiak bere bidea egin duela maila akademikoan, baina nerabe bati “zer izan nahi duzu handitan” galdetuz gero, gutxik erantzungo luke “antropologo soziokulturala”, baina egun ehunka dira karrera ikasten ari direnak. Gizarte mailan, zein da zuen ustez antropologiak diziplina gisa duen estatusa eta alde horretatik daraman bilakaera?

Maider:
Nik nahiko espazio pribilegiatua izan dut, Farapin sartu nintzelako eta oso argi zegoelako hor zer den antropologia. Hor azalpenik emateko beharrik ez, baina hortik kanpoko beste toki batzuetan azpimarratu behar izan dut batzuetan: “antropologoa naiz, hau egiten dut eta nire ekarpena hau izan daiteke”. Zenbait tokitan antropologiarekiko ezagutza hori badago eta beste batzuetan batere ez: hor pedagogia pixka bat egin behar duzu, ahalegin bat eginda. Farapin, bezeroaren aurrean (“el cliente”, maskulinoz gainera…) azalpenak ematea tokatu zaigu, eta gainera gure lan egiteko modua hibridatzen ibili gara, beste diziplina batzuekin (partaidetza teknikekin, adibidez). Guk ikusi dugu konfiantza eta balioaren aitortza praktikaren bidez datozela, batez ere bukaeran. Kontzeptu batzuk eta markoa bereganatzera ere iristen dira, Begok esan bezala. Egia da horrek indar extra bat eskatzen duela, baina lortzen da.

Olatz:
Ados nago Maiderrekin. Askok egin behar izan dugu antropologiaren legitimizazio prozesu hori. Praktikak Aranzadin egin nituen, eta handik lan mundura pasatu nintzen, baina niri interesatzen zitzaidana zen oroimen historikoaren munduan sartu eta beste diziplina batzuekin batera (historia, antropologia forentsea…) gure “kuali” metodologia txertatzea arlo horretan. Ezagutzen partekatze hori lantzea diziplinarteko munduan, alegia. Hor ibili naiz ni esponja bat bezala teknikak barneratzen, eta esparru horretako proiektuetan historialariei batez ere gurea balioan jartzea tokatu zait: elkarrizketak egiteko ditugun metodologiak, moduak, galderak erlatibizatzea… Nire aldetik nolabaiteko “puesta en escena” bat izan zen, beraiekin batera modu erreziprokoan lan egin eta produktu bat sortzeko, gure tresnak diziplina desberdinen arteko mundu honetara egokituz gaur egun.

Enara:
Nire esperientziak bat egiten du esandakoarekin. Praktikak aukeratu nituenean, nire zalantza zera zen: zer egin dezaket? Pentsatu nuena zen orain dela bost urte antropologia nahiko ezezaguna zela eta hobe zela hura kokatuta zegoen toki batekin sartzea harremanetan. Eta horixe izan zen Aztiker aukeratzeko arrazoia. Niri, estatusari edo kokapenari dagokionez zalantzak sortu zaizkit. Aztikerren ikerketak egiten dira, teknika kuantitaboak erabiliz askotan (inkestak, esate baterako), baita kualitatiboak ere, eta parte hartze prozesuak ere egiten dira. Ni lehenengo parte-hartze prozesuetan sartu nintzen eta gero ikerketa arloan, teknika kuantitaboekin gehienbat, eta horra nire zalantza: nik antropologiatik zer, zertan naiz ni antropologo hemen? Egia da begiradak desberdinak direla, eta batzuetan esaten didate lankideek: galdera horretan zure izaera antropologikoa antzematen da. Honekin esan nahi dut barne lanketa bat izan dudala eta galdera horiek planteatzen ditudala. Garrantzitsua da gure barruan antropologiak zer nolako prestigioa edo estatusa duen ikustea. Osasungarria da.

Josu:
Antropologiak prestigioa dauka: kalean antropologoak ginela esaten genuenean, esaten ziguten “a zer polita eta interesgarria!” Baina bigarren partea dator gero: “baina zertan egiten duzu lan?” Askotan unibertsitatearekin lotzen da, edo ofizio bezala baino gehiago afizio bezala ikusten da. Nik bizipen desberdinak izan ditut; tarteka lan komertziala egiten dut eta behin batean enpresa batek erantzun zidan: “oso interesgarria, baina honengatik kobratu egiten duzu?” Ikuspegi bat, non ematen duen lan hau edozeinek daukala egitea, baina nik uste hor antropologiak beste balio bat daukala. Bestalde, prestigioa dago, esate baterako, egin ditudan ikerketen ondoren komunikabideak etortzen direlako: zerbait kontatzeko daukagula, informazioa daukagula, eta horrek balioan jartzen du antropologia. Gainera, ikusi dut antropologia probatzen duten enpresek balioa ematen diotela eta errepikatzen dutela. Big Data nagusi den garai honetan jendeak eskertzen du sakontasuna.

Olatz:
Euskal Herriko egoeraz galdetu duzu, baina hona ekarri nahi nuke adibide bat Suitzatik, giza eskubideen urraketarekin lotutako lanei buruzkoa. Bertan bai baloratzen dela asko antropologoen diziplina eta lan egiteko tresnak, eta hor bai ikusi dut potentzia handia daukagula antropologook, batez ere eremu hauetan. Guk teoria batzuk barneratu ditugu ez daudenak beste diziplina batzuetan.


Xabi:
Giza eskubideak eta bestelako kontuez ari garela, iaz Karina Pachecok esan zuen iruditzen zitzaiola nolabaiteko trantsizio egoeran (Pachakutik ketxueraz) sartu dela mundua, krisi batetik abiatuta etorkizunean sor daitekeen beste errealitate baterantz doana. Eraldaketa sozial handiak izango dituen garaian sartu berriak garela. Horregatik, antropologiaren eta eraldaketa sozialaren arteko harremanaz galdetu nahi dizuet: antropologiaren potentzialtasuna nolakoa izan daiteke eraldaketa garai honetan?

Maider:
Farapi barruan hausnartu dugu ikerketaren eta eraldaketa sozialaren inguruan. Lehen askoz gehiago zentratzen ginen ikerketa lanetan, baina gure sorrerako helburua, antropologo bezala eta beste diziplina batzuekin elkarlanean, eragina eta eraldaketa soziala bultzatzea da. Bide bat egin genuen eraldaketa sozial horiek bultzatze aldera praktikan zer egin genezakeen ikusteko. Partaidetza kontuetan sartu ginen eta hortik datozen teknikak erabili ditugu, antropologiaren oinarrizko teknikak elikatuz. Hortik bide dezente eta oso interesgarriak ireki zaizkigu, lehen lantzen ez genituen gauza asko lantzeko. Horri indar berezia eman behar zaio. Askotan hori da egiten duguna: saiatzen gara elkarrizketak, eztabaida talde sakonak, behaketak eta abar antropologiak gertaerei testuingurua jartzeko duen gaitasunarekin uztartzen, jendearekin eta prozesu ikuspegi bat emanez, partaidetza teknikak sartuz eta eraikuntza kolektiboari garrantzi handia emanez. Gertaera bati buruzko diagnositik hori eraldatzeko bidean jartzen gara, pertsonen arteko harremanetatik eta pertsonak erdigunean jarrita, haien subjetibitateetan eragin nahian. Gorputzean oinarritutako teknikak ere erabiltzen ditugu, barrutik eragiten eraldaketa bat beren erakundearen, taldearen edo herriaren barruan, pertsonetatik eraldaketa soziala sustatzeko. Oraindik hor gabiltza, diziplina desberdinetatik datorrena uztartzen, nahiz eta Farapi antropologiatik sortu zen (eta gustatzen zait hori esatea).

Enara:
Ikusten dut oso lotuta daudela ezagutza eta eraldaketa. Ezagutu gauza bat sakon, holistikoki, eta gero ezagutza hori erabili eraldatzeko, eragin bat edukitzeko. Horri dagokionez, oso erabilgarriak dira beste eremu batzuetatik ikas daitezkeen gauzak, baita ere gure jardunean txertatuz eta haiekin egiten diren lanei, prozesuei eta jarduerei beste izaera bat emateko. Aztikerren ere partaidetza prozesu eta dinamikak asko erabiltzen dira eragiteko, edo komunitatearekin berarekin pentsatzeko, diseinatzeko edo lanketa egiteko. Osatzeko, ezagutzaren arloari dagokionez, hasiera bateko errealitate hori ezagutzeko, eta betiere antropologiari dagokionez, antropologiatik datorren indargune bat izan daiteke aldaketak antzemateko tresna egokiak ematen dituela. Tresna kuantitatiboekin lotuta, gogoan dut orain urte batzuk asko esaten zela hauteskundeetan emaitzek ez zutela asmatzen, eta lagun batek esan zidan aldaketa bat egoten denean gehiago kostatzen zaiela inkestei, eta alde horretatik gertatzen ari diren aldaketa sozialak atzemateko potentzial handia du antropologiak.

Olatz:
Karrera bukatuta, Aranzaditik iritsi zitzaidan proiektu bat, pertsona helduekin eta herri txiki batean, eta hor ikusi nuen eraldaketa kolektibo testuinguru potente bat. Ahalduntze prozesuak eraldaketa handia eragin zuen nigan eta beraiengan, ikerlari bihurtu baitziren. Eta gero proiektua bera herriak hartu zuen, Udalera ere iritsi zen eta prozesu eraldaketa polita suertatu zen. Eta ni horrekin aldatzen joan naiz, profesionalki eta pertsonalki. Eta hori lotzen dut Xabik esan duenarekin, eraikuntza edo eraldaketa sozialarekin. Errealitatea ezagutzeko edo testuinguru ezagutzeko hoberena prozesu horretan sartzea da eta inkluso pixka bat probokatu eraldaketa hori eman ahal izateko.

Josu:
Zirikatzeko eta eztabaida puntua jartzeko, antropologiak bai egiten du eraldaketa soziala (zuen adibideak edo feminismoak egin duena), baina iruditzen zait eraldaketa soziala hitz potoloa dela, definitu beharko genuke, eta ez daukat sentsazioa antropologia eraldaketa soziala denik. Gau Beltza egitean bai egin genuela aldaketa bat festa horren inguruan, baina bestela ez nuke esango eraldaketa soziala denik. Nik esango nuke hausnarketa eragiten duela gehiago Antropologiak, edo behintzat sakontasun bat. Eta iruditzen zait antropologiaren inguruan badagoela ikuspegi purista bat, garbizalea, eta nik uste antropologiak askatu behar dutela hortik lanbide izan nahi badu.

Maider:
Bai, eztabaidatu beharko genuke eraldaketa soziala zer den eta kontzeptu potoloa, baina eraldaketa sozial txikiez hitz egin daiteke, eta nik uste hori garrantzitsua dela txikitik handira joateko. Nik behintzat horrela irudikatzen dut neure buruan, eta horrela ezagutu dut praktikan. Pertsonei gauzak aldarazten zaizkio barruan, eta horrekin agian talde txiki batean zerbait lortu duzu (momentukoa, behar bada). Adibide konkretuak jartzeagatik, feminismoa aipatu duzu, eta jaien eraldaketarekin lotutako proiektuak egin izan ditugu Farapi bezala, eta lehenengo hausnarketa dago (zer jai eredu nahi dugun, zer errito mota dauzkagun, zer sinbolo mugitzen diren…) eta hortik horrelako aldaketa txikiak sortzen dira pertsonengan, eta gero dator nolako jaiak nahi ote ditugun, zer egin behar dugun hori eraikuntza kolektiboaren ikuspegitik eraldatzeko, eta antropologiatik identifikatu zein eta non diren eraldaketarako gakoak eta erresistentziak, eraikuntza kolektiboaren ikuspegitik. Ez da erraza, baina eraldaketa txikiak egiteko modua badago. Antropologia berdin eraldaketa soziala, bere horretan, nik ere ez dut ikusten. Helburu gisa hartzen dugu.

Enara:
Gai polita da: antropologiaren idealizazioa. Badirudi ezin dela enpresa batean lan egin antropologia ikasi baduzu, eta hor bada tentsio bat. Justu karrera bukatu eta egon nintzen hiru hilabetez ikerketa zentro batean banku batek emandako beka baten laguntzaz, eta hori eskatzean kontraesanak sortzen zitzaizkidan. Baina esan zidaten: Enara, jaitsi lurrera, jan eta bizi behar dugu.


BIGARREN GAI MULTZOA


Xabi:
Jardunaldi hauen izenburua, euskaraz: “Antropologiaren (lan)bideak”. Izan ere, batzuetan, bide, lanbide, bizibide, ogibide… ez dute zertan gauza bera izan. Horri buruzko gai korapilatsu bat: antropologiaren eta antropologoen demanda. Nolako eskaerak nagusitzen ari dira eta zer nolako aldagaiak dauden eskaera horietan? Kontuan izan behar dira bai aldagaiak bai eragile desberdinak egon daitezkeela: komunitarioak, publikoak, pribatuak. Eta nolatan eragiten du horrek guztiak zuen jardun profesionalean?

Olatz:
Nire aldetik esango nuke antropologia egiteko modua eremuaren araberakoa dela: komunitarioa, adibidez. Ni memoria historikoarekin eta feminismoarekin lotuta ibili naiz herri mugimenduetan, eta Aranzadin erakunde publikoentzako lanak egin ditut eta hor bezeroarekiko prozesua polita izan da niretzako. Orain zinema munduan nabil, berria naiz, eta bezeroekin kontuan hartu beharreko gauzak asko dira: edukia, eman nahi den ikuspegia… Gai potenteak dira, gainera, memoria historikoarekin lotuta daudelako. Orduan, mundu bat da, eremu bakoitzean gu nola posizionatzen garen bestearen aurrean, azkenean eragile pilo bat daude eta eraldatzen joaten gara gu ere horrekin batera. Eta garaiaren eta adinaren arabera ere izaten da. 27 urte ditut eta ez dut egiten 22 urterekin egiten nuena.

Enara:
Iruditzen zait antropologoen demanda, hitz horrekin, antropologo, ez dela asko bilatuko. Interesgarria izan daiteke pentsatzea antropologiak zer eskaintzen didan, aurkezten naizenean zer gauza ditudan interesgarriak izan daitezkeenak, eta horrez gain norberak bere bidea bilatzea. Antropologiak adierazten du interesa gauza askori buruz daukazula, nolabait jakiteko grina hori dauka antropologiak, baina gero bakoitzak aukeratzen du edo bizitzak eramaten gaitu bide batzuetatik. Niri hizkuntzen gaiak gustatzen zaizkit eta itzulpengintza kontuak interesatu zaizkit, eta profil hori garatzen den neurrian antropologia txertatuko da hor. Tresna batzuk antropologiatik ikasiko dituzu, baina itzultzen baduzu, adibide, beharbada itzuli nahi duzu artikulu akademiko bat antropologian gaiak lantzen dituena. “Antropologoa naiz” horretan itxi gabe. Azken urteetan unibertsitateetatik atera garenok, “antropologo” zera hori gainetik kentzea ere, bada ariketa interesgarri bat. Zer gehiago interesatzen zait antropologo izateaz gain?

Maider:
Guztiz ados. Askotan ezagutu ere ez da egiten zer den antropologia edo zer egin dezakeen antropologo batek. Guk eremu desberdinetan egiten dugu lan, gehienbat erakunde publiko eta enpresekin, edo herri mugimenduetatik datozen elkarteetan… Azkenean badaude gauzak egin ahal dituzunak antropologo bezala eta azkenean demanda hori badago eta antropologiak badu zer aportatu eremu guzti horietan, baina seguruenik ez dute eskatuko antropologo bat edo antropologia, eta hor esan dugun bezala antropologo bakarrik izan beharrean beste era batera plazaratu behar gara gu ere, beste era batera egokituz baina azpimarratuz antropologo garela eta zer ekarpen egin dezakegun, egon daitezkeen demanda horietara egokituz, hartu-eman horretan.


Josu:
Nik uste antropologia probatu duten erakunde eta enpresek gero errepikatzen dutela. Euskararen arloan adibide garbia da, eta hor aukera bat dago. Antropologian, bestalde, lan komertzial handia egin beharra daukagu: komunikatzea eta adieraztea zer egiten duen antropologiak, komunikabideetatik eta enpresa eta erakundeekin, bilerak eskatuta eta azalduz. Askotan egiten dudana da demanda hori sortu edo lan hori eskaini; interesgarria da aurretik irakurtzea zer behar duen edo bezero erakunde horrek, eta horren araberako proiektu edo proposamen konkretuago bat egitea. Denontzat baliagarria den formatu edo eskemak ez du balio. Herri edo udal bakoitzak bere berezitasunak dauzka, eta horrera egokitzea da kontua. Eskertzen dutena da paperean gauza konkretuak jartzea: zer egingo zenukeen, nola, eta zein izango den emaitza.

Olatz:
Anekdota bat kontatu nahi dut. Denboraldi batean, Suitzara joateko, lanean egon nintzen eta Euskal Herriko gastronomia eta sagardotegiaren mundua beste dimentsio batetik ikusteko aukera izan nuen, Elenarekin eta Aizpearekin hitz egin ondoren: sinboloak, generoa, harremanak… Proiektua azkenean ez zen gauzatu, baina iniziatiba polita da pertsonen aldetik: kontestu bat ezagutzen duzunean edo ezagutzera zoazenean eta antropologiaren begiradatik ikusten duzunean hainbeste gauza.


Xabi:
Ikerketaren dimentsio etikoa. Testuinguru konplexuan gaude, lan baldintzak kaskarrak dira, eta egungo baldintza sozialak bereziak dira. Hori kontuan izanik, zuek kontuan hartzen al duzue bereziki dimentsio etiko horri heltzeko bidea, edo aldaketa garai honetan sortzen ari den egoerak baldintzatu egiten du aurretik -karreran- ikasitakoa etikari buruz?

Maider:
Nik une batean izan nuen zalantza etikoa: antropologia egin nahi eta gero enpresa batean sartzea… Jende askok ere esaten zidan. Farapin bazkide berri dezente sartu gara eta bultzatu nahi izan dugu enpresa eredu berri baterako aldaketa eta barne prozesu bat jarri dugu martxan eredua horizontaltzeko. Lehen, adibidez, pertsona bat zegoen gerente bezala. Orain lantalde desberdinak gara eta denok dugu gure proiektua kudeatzeko ardura eta aukera, aldi berean gutako bakoitza proiektutik eta proiektua elikatzen: zer eskatzen diogun eta zer eman ahal diogun, ditugun interesen arabera eta horiek proiektuaren barruan asetzeko aukeren arabera. Denon proiektu bizi bat. Lan prekarietateari begira, pentsatu behar dugu nola egin gure lanean duintasun gehiago sartzeko, ez bakarrik arlo ekonomikoan; izan ere, momentu batzuetan bezeroarekiko harreman horretan batzuetan mugak jarri behar dira. Feminismoa da gure lan lerro bat, eta berdintasun planak egiteko garaian, zenbait erakundek edo enpresak plana behar dute beste zerbait lortzeko, eta gu hasi gara marra gorri batzuk jartzen, gure lanaren balioa markatzeko (ezetz esatearen beharra). Batzuetan erakutsi behar da denak ez duela balio. Partaidetzarekin, gauza bera: zuk saio bat egin nahi duzu jende batekin zerbait eztabaidatzeko, baina gero ez badiozu kasurik egiten hor ateratzen denari, ez da izango partaidetza prozesu bat. Landa lanarekin ere gertatzen da: guk egin nahi dugu diagnosi moduko bat, baina bakarrik jende mota batekin, edo besterik gabe inkesta pare bat bidalita… Hor ere garrantzitsua da muga batzuk jartzea.

Olatz:
Horrekin lotuta, zaintza atera nahi nuke, etika zaintzarekin lotuta ikusten dudalako. Zaintza hori, pertsonalki eta bestearekiko, garrantzitsua da. Oroimen historikoaren kasuan erreparazioa da helburua, eta ez baduzu muga batzuk jartzen krisi uneak datoz. Suitzan World Organisation Against Torture erakundean egon nintzen lanean, NBEri salaketak bideratzen dizkiona, eta bertan konfidentzialtasuna, pribatutasuna, datuen erabilera eta beste kontzeptu batzuen inguruan lanketa handia egin izan dugu erakundean, gehienak juristak direlako eta ez dutelako ikuspegi hori. Eta ikusita, adibidez, nola lantzen den giza eskubideen urraketaren prozesu hau emakume indigenekin, ikusten nuen birplanteatzeko beharra, haiekin batera: zer da etika guretzat?, zein dira gure baloreak?, zer da zaintza guretzeko? Prozesu horiek eramatea pertsonalki eta besteekiko oso interesgarria da. Enararen kasuan bezala, etikaren kontua presente egon da gurean, baita proiektuak plazaratzeko orduan ere.

Enara:
Etika oso lotuta ikusten dut galdera batzuekin: zer egiten dut, zer ez dut egiten eta zergatik. Hori dena presente edukitzen saiatzea. Datuen babesari buruz asko hitz egiten zen orain urte batzuk, ikerketan (akademian eta kanpoan) nola eragiten zuen horrek, eta horren inguruan lantxo bat egin nuen 2018an, etika nola lantzen dugun ikusteko. Nire sentsazioa izan zen gaia asko teknifikatzen ari ginela: protokoloak ezartzen ziren, batzorde etikoen presentzia… Akademiaz kanpo ere etika hasi zen bihurtzen kontu bat non ematen zuen inkesta edo elkarrizketetan dena mugatzen zela kontsentimendura… Batzuetan ematen du etika formalismo bat dela, baina ez dira ahaztu behar atera diren kontu guztiak.

Josu:
Bai, erabat ados. Ezezkoak ematea eta balio batzuk edukitzea garrantzitsua da. Eta horrekin lotuta, motibazioa edukitzea lan bat hartu eta egiteko garaian. Ez dadila ogibide hutsa, bizipoza ere eman dezala, motibatuko zaituen zerbait, autonomo bezala garrantzitsua da hori. Eta baldintza duinak exigitzea, gutxieneko batzuk betearaztea eta hortik ez ateratzea.


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Xabier Jaso Esain (7 de abril de 2022). Lan esperientziak akademiatik kanpo | Antropologiaren (lan)bideak (2º mahai-ingurua). Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 9 de octubre de 2024 de https://doi.org/10.58079/b77w


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.