Luzaideko bordak. Landa eremuaren bilakaera, krisialdi ekosoziala eta agertoki berriak
Ilargi Aristondo Merino
Gizarte Antropologiako Gradu Amaierako Lana
UPV/EHU: 2023ko ekaina.
Lan honek, Jose Miguel Barandiaran saria (2023) eta Ikertu NAhiEN (2023) bigarren saria jaso zituen. Ondoren, “Luzaideko mendiko paisaiaren azterketa. Komunala, muga eta artzaintza eredua” artikulu gisa argitaratu zen Eusko-Folklore Urtekarian (58. zk., 2024, 107–126 or.).
Luzaideko mendiko paisaiako bordak iraganeko abeltzaintza-ereduaren aztarna materialak dira, landa eremuko azken hamarkadetako eraldaketa sakonen lekuko. Lan antropologiko honek, bordetatik abiatuta, baserri-ereduaren gainbehera aztertzen du; hala nola, aztergai ditu lur komunen erabileran izandako aldaketak, laborantzaren krisia eta despopulazioak paisaian zein komunitatean eragindako eraldaketak. Luzaideko kasu zehatzetik abiatu eta tokiko errealitatea krisialdi ekosozial zabalagoarekin uztartzen du; baita landa eremuaren etorkizunari buruzko galderen eta agertoki berrien inguruan gogoetatu ere.
Lan honen xedea da Gizarte Antropologiaren ikuspegitik Luzaideko borden egungo errealitatearen argazkia osatzea. Izan ere, urtetik urtera abeltzaintzari lotutako mendiko borden erabilera gero eta urriagoa da. Funtzionalitate faltaren ondorioz, asko erortzen ari dira eta inguruko paisaiarekin bat egin dute. Paisaiaren eraldaketa hori, bizimodu baten krisialdiaren isla da, erabateko eraldaketa sozial baten ordezkari. Hori dela eta, beharrezkoa ikusi dut landa eremuko hainbat tokitan gertatzen ari den fenomeno hori hartu, eta Luzaiden nola gertatu den eta nola gertatzen den ikertzea.
Lan honek abiapuntutzat du aurreko ikasturteko Antropologiarako Iturri Dokumetalak ikasgaian eginiko lana. Nafarroako Artxibo Nagusia arakatuz, XX. mende hasierako Eugeniusz Frankowski antropologoak eginiko argazki sortaren artean, Luzaideko mendiko borda1 baten eta bertako artzainaren argazkia topatu nuen. Horrek eraman ninduen Luzaidera, bertako mendia ezagutzera, baita luzaidarrekin harremantzera ere.


Argazkiak sortarazitako zalantzak eta borda bera topatzeko nahiaz abiatutako prozesua da honako lana. Eta gaur egungo argazkia topatzea, egindako lanaren oparia.
Gaur egungo bordaren argazkian begi-bistakoa den eraldaketa materialaz haratago, ezkutuan dagoen errealitatea azaleratzea izan dut helburu. Bide horretan, bordak ardatz izanik, bestelako gaiekin artikulazioan ikertu nahi izan dut, hala nola, honakoak ikertu ditut: baserriaren galera, mendiko komunen ustiaketa, artzain-suak, laborantzaren prekarietatea eta despopulatzea.
Ikerketa ikuspegi mikrotik aztertzea bezain garrantzitsua izan da niretzat, ikuspegi makroan gauzatu diren eztabaidekin2 uztartzea. Izan ere, ikuspegi holistikoak ahalbidetzen du bizi ditugun krisialdien analisi zehatzagoa egitea eta ikerketaren oinarrian dagoen trantsizio ekosozialerako estrategiak agertoki berrietara nahiz aztertutako lurraldera hobeto egokitzea.
- Luzaidarrentzat honako hau etxola litzake, artzainaren txabola delako. Bordak sailkatzeko erabiltzen diren izendapenei beranduago helduko diet. [↩]
- Federici 2019; Galdos eta Ruiz, 2005; Herrero 2010, 2023; Latour 2019 eta Montesinos 2013. [↩]
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Ilargi Aristondo Merino (25 de marzo de 2026). Luzaideko bordak. Landa eremuaren bilakaera, krisialdi ekosoziala eta agertoki berriak. Ankulegi antropologia espazio digitala - espacio digital de antropología. Recuperado 16 de noviembre de 2026 de https://doi.org/10.58079/15xzr
